Repsol

Costa Blancako argia


Alacant itsasoari begira dagoen hiria da. Benacatilek ematen dion babesari esker, mendi horretatik hartu zuen izena, turismo eta aisialdi eskaintza handitu egin du. Eta eskaintza horren beste adibide bat da El Altet aireportu internazionala berritu izana.

 

········Lehenengo goiza ······· 

9:00 Itsasoa eta mendia 

Puerta del Mar plazatik abiatuko gara, Alacant itsasoari irekitzen zaion tokitik, eta Postiguet hondartzaren paseora joango gara. Hemendik Santa Barbara gazteluaren perfil berezia ikus dezakegu, eta mendiko harkaitzetan markatuta, mairuaren aurpegi ezaguna. Harresien azpian dagoen formazio berezia da, eta hemendik ikusita, benetan pertsona baten aurpegia dirudi. Kondairaren arabera, Al Jalib kadi musulmanaren aurpegia da. 

10:00 Gaztelura igoera 

200 bat metro aurrera egingo dugu, mendiaren barrualdetik gaztelura eramango gaituen igogailua dagoen tokira. Santa Bárbara gaztelua Bercantil mendian dago, itsasoaren mailatik 166 metrora, eta hiriari izena eman zion IX. mendeko musulmanen okupazioan. Gazteluan hiru eraztun ikus daitezke, zonalde altu eta zaharrenetik (XIV. mendea) zonalde berrienera (XVII. mendea). Gauzarik erakargarriena Mediterraneora duen ikusmira da. 

11:00 Parkeko paseoa

Gaztelua atzean utzi eta Santa Cruz auzora abiatu gara Ereta parkean sartuz. 700 bat metroko jaitsiera dago harrizko eta lurrezko bidean, baina batere itzalik gabekoa denez txanoren bat eramatea komeni da. 

Bata bestearen ondoan dauden etxetxo txikietara iristean jakingo dugu Santa Cruz auzora iritsi garela. Bere kale estuek probintziako barrualdeko herrien giroa gorde dute. Herri horietako bizilagunek oraindik elkar ezagutzen dute. 

12:00 Mairuak eta kristauak 

Auzoan Miguel Lopez plazatik sartuko gara eta plazaren bukaeran dauden eskailera batzuetatik jaitsiko gara. Maldonado eta Villavieja kaleetatik jarraituko dugu Santa Maria basilikaraino, 200 bat metrora (irekita dago 10:00etatik 13:00etara eta 18:30etik 20:00etara). XIV. mendekoa da, Alacanteko zaharrena. Eliza meskita zaharraren hondakinen gainean eraiki zen. 

Eskuinera, pare bat minutu oinez egin ondoren, Gravina kalean gaude, eta bertan dago Gravina Arte Ederren Museoa  (MUBAG) (irekita 10:00etatik 20:00etara eta igandetan 10:00etatik 14:00etara. Astelehenetan itxita egoten da). Bertan Aldundiak utzitako bilduma interesgarria dago. 

13:30 Udaletxetik taberna berezi batera 

Gravinatik 100 metro aurrera jarraituko dugu eta Udaletxearen plazara iritsiko gara. Udaletxearen azpialdean La ciudad descubierta erakusketa ikus dezakegu (astelehenetik ostiralera irekita, 9:00etatik 14:00etara), harresi arteko hiri zaharraren historia eta hondakinak erakusten dituena. Udaletxeko harribitxia eskailera nagusia hasten den lekuan dagoen zutabeko plaka txiki bat da. Zero kota da, eta puntu horretatik abiatuta neurtzen dira Espainia osoko herrien altuerak. 

14:00 Bazkaria, tapekin 

Plaza gurutzatu eta Capitan Meca kalea hartuko dugu San Fernandoraino. Eskuinera hartu eta bost minutura, La Taberna del Gourmeten atean egongo gara. Barran eseri eta tapeo menua ateratzeko eskatzea da onena. Mahaietan esertzea nahiago badugu, dastaketa menuak honako hauek ditu: txorizo kroketak, kokotxak baratxuriekin edo azpizun zatitua baratxuri freskoekin. Repsol gidak gomendatutako jatetxeetako bat da.

 

········Lehenengo arratsaldea ······· 

16:00 Hortxata bat Explanadan 

La Taberna del Gourmeteko sukaldaritza dastatu ondoren ez dago itsas ertzean paseo freskagarri bat ematea bezalakorik. 

Ezkerrera hartuko dugu San Nicolas kaletik eta Explanada de Españaren hasierara iritsiko gara, bere mosaikoagatik  ezaguna den tokira. Itsasoko olatuak imitatzen dituzten marmol gorri, krema eta beltzeko sei milioi tesela baino gehiago ditu. Gure atzean Carbonell etxea daukagu. Fatxada modernista duen eraikin dotorea, eta bere kondaira duena: dirudienez, Enrique Carbonell enpresari Alcoidarrak Alacantera joan behar izan zuen bizitzera bere alabaren gaixotasuna zela eta. Beste garai batzuk ziren eta bidaia ez zen batera erraza. Hala, Palace hotelean agertu zen itxura zikin eta zarpailarekin eta ez zioten ostatu hartzen utzi. Haserre, hotela baino eraikin handiagoa eta dotoreagoa egingo zuela erabaki zuen. Carbonell etxea 1925ean bukatu zuten. 

Freskagarriren bat hartzeko gogoz gelditu bagara, onena Peret kioskora joatea da. Beti beteta dago baina merezi du pixka bat itxarotea bertako izozki eta hortxatak dastatu ahal izateko. Hiriko onenak direla diote. 

18:00 Alacantek badu bere ranbla 

Gauden tokitik 200 metro baino gutxiagora, Mendez Nuñez ranbla dago, alde zaharraren eta hiriaren zati berriaren arteko muga; Isabel II.a erreginak harresia botatzeko baimena eman ondoren egin zena. 

18:30 Konkatedralera bisita 

Ranblatik jarraituko dugu eta hamar minutura Miguel Soler kalearen bidegurutzera iritsiko gara. Jarraitzen badugu, 50 metrora Abad Penalva plaza txikira iritsiko gara. Gure aurrean San Nicolás de Bari konkatedralaren fatxada aurkituko dugu; kultu ordutegien arabera bisita daitekeena. Bisita egin aurretik galdetzea komeni da. 

Alacantarrak oso harro daude konkatedralaz. Estilo herrerianoko fatxadak (XVII. mendea) arreta erakartzen du, baita auzoan zein ondo integratuta dagoen ere. Ez dago kanpoaldeko plaza asko, dena hurbilagoa dela dirudi. Barrualdean, soiltasuna apainketa dotore bihurtzen da, erdiko habeartea 45 metroko altuerako kupula batek koroatzen duelarik. Bere artelanik preziatuenen artean daude Erremedioaren Ama Birjinaren irudia, Arimen erretaula, Komunioiren kapera eta Buena Muerte Kristoaren gurutzea. 

20:00 Ibilbidea auzoan barrena 

Irtetean, Labradores kalea hartuko dugu, eta Santa Cruz auzoaren bihotzera eramango gaitu. Alacanten norbaitek Auzoaz hitz egiten duenean, denek dakite Santa Cruz auzoaz ari dela. 150 metro aurrerago, Virgen de Belen kalean eskuinera hartuko dugu eta Abad Najera kalera iritsi arte jarraituko dugu. Azkenik, bost bat minutuz jarraituko dugu Carmen plazara arte; hor hasten da gaztelurako igoera. 

21:00 Afaria, ikusmira ederrarekin 

Ordu hauetan itxita egon arren, Santa Cruz ermitara hurbil gaitezke. Puntu horretatik abiatzen da Aste Santuko prozesiorik hunkigarrienetako bat: Asteazken santuetako Santa Cruz ermandadearena. Ikusgarria da kostaleroek kale estu eta aldapatsuetan barrena pasoa nola eramaten duten ikustea. 

Gazteluaren magaleko La Ereta jatetxera 300 metroko igoera baten ondoren iritsiko gara. Ezin ditugu probatu gabe utzi arrozak eta postreak, ezta hiriko ikusmira ederra ere, bereziki gauez. 

Hirigunera itzultzean, zonalde zaratatsu honetako tabernetako batean geldituko gara. Hiru hauek aukera onak dira: Red Lion pub-a (San Isidro, 6), Callejón taberna (plaza de Quijano, 6) eta Desafinado House Cluba (Santo Tomás, 6).

Bigarren goiza 

10:00 Tranbiaz hirian barrena 

Egun berria Alacanteko Aldundiaren jauregian hasiko dugu. Aurrera jarraituko dugu Avenida de la Estaciónetik  plaza de los Lucerosera iritsi arte. TRAMera igotzeko garaia da, Alacant hiriko tren moderno eta eraginkorrera, alegia. Gure helmugan jaitsiko gara: Arkeologiako Museo Probintzialean (MARQ). 

10:30 MARQ, prestigioa duen museoa 

2004. urtean Europako urteko museoa izendatu zuten MARQ (asteartetik larunbatera 10:00etatik 19:00etara irekita, eta igande eta jai egunetan 10:00etatik 14:00etara, udako ordutegia kontsultatu)  asentamendu ibero eta erromatarren garaitik zonaldeko aberastasun arkeologikoaren isla da. Museoak beste erakundeetatik datozen erakusketak aurkezten ditu, hala nola Museo Britanikotik edo San Petersburgoko Hermitagetik. 

12:00 Beste Gernika 

Bisita bukatuta, TRAMean itzuliko gara. Hurrengo geltokia azoka izango da, Mercado Centralen (astelehenetik larunbatera irekita, 7:30etik 14:30era). XX. mendearen hasieran eraiki zuen Juan Vidal Ramos arkitektoak, Guda Zibilean bonbardatu egin zuten. Gaur egun, itxura modernista berreskuratu du eta Alacanteko bizitzaren ikurra da. 

13:00 Suaren festa 

Abastos plaza atzean utzi eta Alfonso X etorbidearen ezkerretik jarraituko dugu eta eskuinera hartuko dugu Mendez Nuñez ranblatik. Hamar bat minutuz ibiliko gara, eta 29. zenbakian ikusiko dugu Suaren museoa (asteartetik larunbatera irekita, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, udan 18:00etatik 21:00etara). Barrualdean, Alacanteko ohitura garrantzitsuenetako baten historia jasotzen da: San Juan sua, Interes Turistiko Nazional izendatutako festa. 

14:00 Alacanteko klasiko batekin hitzordua 

Bazkaltzeko ordua da eta 500 metro eskasera bertako gastronomiaren erreferente bat daukagu:  Nou Manolín jatetxea. Repsol eguzki bat du, eta bertako platerak, hala nola baratxuri zuria ganba gorrien tartarekin edo turroi torrada txufa zoparekin, benetako plazera dira. 

Autoa hartzea axola ez bazaigu, bazkaltzeko beste alternatiba bat daukagu: Aire TapasBar ezagutzea, Quique Dacosta chefaren espazio gastronomiko berria. 20 minutura dago, El Altet aireportuko terminal berrian. Merezi du hara joatea bere sukaldaritza dastatzeko.

 

Bigarren arratsaldea 

16:00 Bazkalostekoa ensantxean 

Bazkal ondoren, Bailen kalera atzera egingo dugu Ruperto Chapi plazaraino. Bertan dago Antzoki Nagusia. 1847an eraiki zen, hiriko merkatari garrantzitsuenek eskatuta. 1896an, adibidez, jendaurreko lehen argazki saioa egin zen bertan. Antzokitik hurbil Ideal zinema dago, hogeigarren hamarkadakoa. 

Castaños kaletik 200 metro ibiliko gara, itsasorantz. Bat-batean, Gabriel Miro plazak duen hosto kopuru handiak harrituko gaitu (alacantarren leku maitatuenetako bat, bero egiten duen orduetan itzalpean paseo bat emateko bikaina). Historian zehar, plaza honek hainbat izen izan ditu: de las Barcas (honaino iristen zen hondartza), de Isabel II eta de Correos (zerbitzu hau ematen zuen eraikin zaharragatik, gaur egun utzita dago). Plazaren erdian, Iturri ikusgarri bat dago Vicente Bañulsen eskultura multzoarekin. 

17:30 Lehen lerrorako itzulera 

Berriz ere Explanada paseora aterako gara, Real Liceo Casino de Alicante eraikina dagoen izkinatik. Jarraian, eskuinera hartu eta Canalejas parkera abiatuko gara, 500 bat metrora. 

Harresiek utzitako hutsunea hartzen du parkeak. Lehenengo portutik ateratzen zen merkantzia biltzeko tokia izan zen, hala nola ardo kupelak, eta bere tren geltokia izatera ere iritsi zen. Gero, langileen bilgune bihurtu zen parkea, bereziki udan. Antzerkia egiten zen eta bertako ficus handiek itzala ematen zuten. Itzal hori gaur egun ere badago, baita 1916ko Canalejasen monumentua ere. 

Parkearen bukaeran Arrain lonjaren udal erakusketa aretoa dago. 1992. urteaz geroztik, arabiar ukituak dituen eraikin modernistan dago galeria, garai batean portuko arrain merkatu zaharra zegoen tokian. 

18:30 Shopping 

Erakusketa aretoaren parean, 400 metrora, Panoramis merkataritza gune animatua ikusiko dugu, Marina de Poniente delakoan, falta zaizkigun azken erosketak egiteko leku aproposa. Urteko egun guztietan dago irekita, eta haurrentzako tailerrak, kontzertuak eta ikuskizunak aurkituko ditugu bertan. Eskaintza komertziala ere oso zabala da: teknologia, bitxigintza eta artisautza, arropa, liburuak, etab. 

Gero iparraldera itzultzeko garaia iritsiko da, Puerta del Mar plazara; kilometro bat inguruko paseo atsegina. Geldialdia egin eta Peret kioskoan hortxata har dezakegu berriz ere, edo Postiguet hondartzan bainua hartzen ari den jendeari ere begira egon gaitezke. Hori guztia ilunabar magikoa ikusteko prestatu aurretik. Esaten dutenez, Espainiako ilunabarrik onenak ikus daitezke Alacanten. 

20:30 Paella, kopak eta zorte on 

Afaltzeko, ezingo dugu pasa Dársena jatetxe ezaguneko arroza probatu gabe. Levante kaitik 500 bat metrora dago jatetxea, Puerta del Marren parez pare. Aurten 50 urte betetzen ditu eta kontu handiz prestatu duen kartak ospe handia du nazioartean. 

Gero, gauarekin jarraitzeko, Levante portuaren zonaldean dauden pubetara joan gaitezke, edo zortea proba dezakegu Kasino berriko mahaietan. Nork daki, Costa Blancako hiriburura egindako bisita borobildu dezakegu.

Zaren modukoa zarela ere, badugu plan bat zuretzat

Sofistikatuentzat

Golfa gustuko dutenek euren kirola praktikatu ahal izango dute erdigunetik bost minutura, Alicante Golf Clubean. Pakete osoa nahi dutenek Be Live Plantio luxuzko resortean hartu dezakete ostatua, Postiguet hondartzatik pauso batera.

Erlaxatzeko

Puerta del Mar ondoan, egun neketsu bat bikain buka dezakegu Wellness Center Alicanten; izan ere, tratamenduak, zirkuitu hidrotermalak, spa eta gimnasioa ditu Mediterraneorako ikusmira ederrenekin.

Lagunentzat

Ez dago Tabarca irlan egun bat lagunartean pasatzea bezalakorik. Cruceros Kontiki enpresaren ferrya har daiteke, hiriko portutik ateratzen dena. Ordubeteko bidaia egiten du irlaraino. Han museoa bisitatu daiteke, hondartza eta kaletan lasaitu, urpekaritza egin eta bertako gastronomia bereziaz gozatu.

Familiarentzat

Txikienentzat interesgarriena 45 km-ra dagoen Jostailuen haranera bisita bat egitea izan daiteke. Haranak honako herriak hartzen ditu: Ibi, Onil, Biar, Tibi eta Castalla. Ibin Valentziako Jostailuaren Museoa bisita dezakegu. Beste leku bikain bat Benidormen 46 km-ra dagoen Terra Mitica parkea da.

Abenturazaleentzat

Probintziaren barrualdean, Serrelak jarduerak antolatzen ditu sakanetan: mendi-ibilbideak, via ferrata-k, mendiko bizikletekin jarduerak edo eskalada. Ultrarin bat ere gidatu ahal izango dugu La Montaña ULM pilotu eskolan, Alcocer de Planesen.