Fuente de Canaletaseko ura edaten duenak, Las Ramblas auzunean, nahitaez itzuli behar omen du Konde Hiri honetara. Eta gauza frogatua da 48 ordutako bisita egiten duenak noizbait itzuli beharko duela. Egun pare batean ezinezko gertatzen da hiri osoa ikustea, aldi honetan, baina, inoiz ez ahazteko moduan ikusi eta bizi genezake.
Lehenengo goiza
9:30 - Hiriaren arima
Bartzelonara egindako bi eguneko ihesaldiak hiriko ikuspegi panoramiko on batetik hasi behar du. Ikuspegi onenetako bat Bartzelonako erdigune modernoan dago, l'Eixample auzoan, eta Milà etxetik ikusten dena da, La Pedrera
izenarekin ezagutzen den etxetik, hain zuzen ere.
Hauxe da adibiderik egokiena estilo modernistako etxea zer den jakiteko. Arkitekturako harribitxi hau Gaudík diseinatu zuen XX. mendearen lehen erdialdean, baina gaur egun ere aho zabalik uzten gaitu haren originaltasuna dela eta.
Bide batez bi gauza egingo ditugu aldi berean: artistaren lanik garrantzitsuenetariko bat hurbiletik ezagutuko dugu eta hiriko ikuspegiaz gozatuko dugu, bisitariari perspektiba desberdin eta ezezaguna emanez. Gainera, goizean goiz baldin bagoaz, sarreran sortzen diren bisitarien lerroak ekidin ditzakegu eta eguna askoz hobeto aprobetxatuko dugu.
11.30 - Modernismoaren Funtsa
La Pedrera eta gero, Bartzelonak diseinuarekiko daukan grina tradizionalean, jadanik antzinakoan, murgilduko gara. Hiriko leku askotan aurkituko ditugu estilo modernistadun etxeak.
XX. mendearen hasierako burgesiak gogoko zuen estilo hau. Eta Sagrada Familia
bezalako harribitxiaz gain –Bartzelonako Eixamplen bisitatu beharrekoa–, ezin aipatu gabe utzi Manzana de la Discordia delakoa; hala nola, Amatller etxea
, Batlló etxea
, eta abar.
Passeig de Gràciako pasarte hau, Consell de Cent eta Aragó kaleen artean dago, arkitektura modernista katalanaren erakusketa bakarra da, 1:1 eskalan, metro gutxitan bildua.
Hiriko beste lan modernista handia, hau ere Gaudík sortutakoa, Park Güell
da. Erdigunetik urrun geratzen da, baina munduko leku paregabea da eta horrainoko ibilbideak ahalegina merezi du. Edonola ere, 16. (Pg. de Gràcia / Mallorca) eta 31. autobusak hartuta, 25 bat minutuan helduko gara horra.
12.30 - Gustu oneko kutsua
Passeig de Gràciak dituen arkitekturako harribitxiez gozatu ostean, orain momentu egokia izan daiteke bertako dendek eskaintzen dituzten gauza liluragarriak ikusteko. Kale honetan bertan eta inguruetan, moda eta marka onenen hiriko dendak aurkituko ditugu. Haietako batera sartu eta zer gutxiago geure buruari apetaren bat ematea baino.
Beste aukera bat zera da, sofistikapen kutsu batez eta jakin-minez, Passeig de Gràciako 39. zenbakira hurbiltzea, bertan Lurrinaren Museoa
aurkituko dugu. Delikatesen hau ez da oso ezaguna baina geldiune bat egitea ondo merezita dauka.
Eta amaitzeko, beste aukera alternatiboa dago, Eixample auzuneko barneko patio onenetako bat ikus dezakegu Vinçon
dendan. Ziur aski, nazioartean Bartzelonarekin lotzen den diseinuaren kulturarekin gehien identifikatzen den denda izango da. Bertan, opari originala egiteko egile-objektu ikusgarriak aurkituko ditugu.
Lehenengo arratsaldea
14:00 - Azokak baino askoz gehiago
Passeig de Gràciaren bukaeran, itsasorantz, eta Ciutat Vella distrituan dagoen Rambla de Canaletas ezagunean sartuta, bi azoka harrigarri bisitatu ahal izango ditugu.
Bi azoka hauek benetako harribitxiak dira, bai dendengatik bai giroagatik eta diseinuagatik. Hona iritsita erabaki egin beharko dugu: San Joséren merkatura joan, la Boquería
izenez ezagunagoa, edo Santa Caterinakoa
aukeratu, Katedralaren ondo ondoan dago, Ribera auzunean.
Lehena ospetsua da kolore ugari eta eskaintza zabala baitu: Lleidako madarietatik hasi eta Afrikako inurri frijituetara. Bertan Pinocho tabernako barra bilatu dezakegu, pintxo original eta bikainez hornitua, Ferran Adrià sukaldari katalan ospetsua bertako ohiko bezeroa da. Hor bazkaltzea esperientzia gogoangarria da.
Santa Caterinako azokak, bestalde, Miralles/Tagliabue estudioaren sabai abangoardista ikusgarria du. Berez, hiriko lehen azoka estalia izan zen. Ordutik, 160 urte baino gehiago igaro dira. Barrualdean Cuines
jatetxe moderno eta ezaguna ezkutatzen da, presarik gabe bazkaltzeko tokia.
Baina horrelako azoka batek duena baino giro lasaiagoan bazkaldu nahi badugu, baditugu beste hainbat aukera: Senyor Perellada
(Repsol Gidak gomendatua), Ca l’Isidre
(Bi Repsol eguzki) edo Shunka
(Repsol gidak gomendatua). Bartzelonako sushi barrarik onena du azken horrek. Aukeratzen duguna aukeratzen dugula, hiriko maila gastronomikoa bermatuta egongo da.
16.00 - Bartzelona erromatarra
Ondo irabazitako atsedena eta bazkari ederraren ostean, hiria deskubritzen jarraitzeko berriro martxan jartzea izango da onena. Ramblatik edo vía Augustatik etorrita, arratsaldea hiri erromatarrari eta Erdi Aroko Bartzelonari eskainiko diogu. Onena antzinako elkarteen izena daramaten kaleetatik galtzea da, hala nola Llibreteria, Comerç kalea, eta abar; bertan, bigarren eskuko dendak, antikuarioak... aurkituko ditugu.
Bertan dago Bartzelonako katedrala
, auzune Gotikoan. Katedralaren atzealdean Paradís izeneko kale estu eta txikia dago.
Bertan, Bartzelonako askok ezagutzen ez duten bitxikeria bat topatuko dugu, Centre Excursionista de Catalunya
eraikinean, hain zuzen, izan ere, Augustoren tenpluaren hondarrak ezkutatzen dira. Gainera, zehazki erromatarrek hiria non sortu zuten adierazten duen plaka bat ikus daiteke. Erakunde pribatua bada ere, eraikinera arazorik gabe sar gaitezke.
18.00 - Erosketa alternatiboak Born inguruan
Hiriaren sorreraren aurkikuntza hori egin ondoren, ezin dugu eguna bukatu bisitariarentzat ezezagunenetakoa den auzunera joan gabe. Born auzunea da, eta aipatzekoa da bertako Santa María del Mar
basilika ederra, La Catedral del Mar nobelaren kokalekua. Bisitatu ahala, eleberri arrakastatsuaren zenbait pasarte ezagutuko ditugu.
Hamar urtetik hona, Born auzunea, Katedraletik 10 minutura eta Argenteria kaletik jaitsita aurkitzen dena, hiriko modako auzune bihurtu da. Bertan, moda alternatiboko dendetan eta azkenaren azkeneko diseinatzaileen artean igaroko dugu arratsaldea.
Denda horietako asko eraikin gotikoetan edo garai batean jauregi ziren museoetan daude, hala nola Picassoren
edo Jantziaren Museoan. Batzuetan, zaila egingo zaigu zehaztea zer den ederragoa, denda, arropa edo eskaintzen dituzten salgaiak...
20.30 - Afaria eta kopak lurralde bohemiarrean
Eguna zoragarria izan da, baina baita luzea eta nekagarria ere, horregatik aukera ona da auzunean geratzea, zerbait hartu eta afari desberdin bat egitera. Erabat aldatzen da Born auzunea dendak itxi eta gaueko argiak pizten direnean. Gune bohemiar bihurtzen da, xarmaduna eta azken modari jarraituz jantzita ateratzen diren artista eta modeloz betea. Badaude, bertan, pintxo onak jateko hainbat toki, adibidez Taller de Tapas
(Argenteria kalea, 51) edo Golfo de Bizcaia (Vidriera kalea, 12).
Leku enblematikoak ere aurkituko ditugu, hala nola Xampanyet, Montcada kaleko 22 zenbakian. Afari formalagoetarako, Comerç 24
jatetxean egile-sukaldaritza bikainaz gozatu ahal izango dugu, eta Espaisucrek
(Repsol-ek gomendatua) erabat harrituko gaitu, postreak soilik eskaintzen dituen munduko jatetxe bakarra baita. Baina ez gaitezen beldurtu, zoragarri afalduko baitugu.
Beranduago, Born auzunean pertsianak hasiko dira igotzen, gaua luzatze aldera. Passeig del Born bertan, taberna ugari aurkituko ditugu, adibidez Miramelindo (15. zenbakian, mojitoez eta kaipirinez gozatzeko leku ezin hobea) edo El Copetín (18. zenbakian). Handik metro gutxira, Marquès de l’Argentera kaleko 27. zenbakian, Diobar dago; Bartzelonan musika beltza jartzen duen klub dibertigarrienetarikoa da.
Passeig Picasson, 40. zenbakian, Magic Rock diskoteka ospetsua dago, rock-zale amorratuentzat aproposa. Horiek guztiek gauaz gozatzeko aukera emango digute, gorputzak zutik irauten digun bitartean.
Bigarren goiza
09.30 - Itsasoari begira
Bartzelona itsasorantz zabaldu zen Joko Olinpikoetan eta gure bigarren egunean etekina atera behar diogu. Hasteko, golondrina
klasikoa hartuko dugu (hiriko itsasontzi turistikoa) Port de la Pau-n. Txarteldegiak Colonen estatuaren oinetan daude (ez du Amerikarantz seinalatzen, pentsa litekeen bezala, Madagaskarrerantz baizik).
Handik moilaraino nabigatuko dugu, itsasaldearen ikuspegi alternatiboa lortze aldera: Bartzelona, itsasaldetik ikusita. Ez da ohiko irudia hirian lehen aldiz dagoen bisitariarentzat, baina harro dauden Bartzelonako hiritarrentzako nahitaezko bisita da. Badira olatu-hormaraino itsasontziak daude, beste batzuek, ordea, Portu Olinpikoa eta Mapfre dorreak ikusteko aukera ematen dute.
11.30 – Maremagnumetik Barcelonetara
Golondrinak berriro utziko gaitu Colonen oinetan. Handik abiatuta, arkitekturako harribitxi batera hurbilduko gara: Maremagnum zubia. Espainian dauden bi zubi altxagarrietako bat da (Valentziako portukoarekin batera).
Beraz, zeharkatu baino lehen, semaforoa berdean dagoela ziurtatuko dugu. Zubi honek Maremagnumera eramango gaitu, hiriko merkataritza-l eta atseden-gune garrantzitsuenetariko batera. Leku interesgarria da erosketak egiteko. Portu frankoan dagoenez, artikulu askok ez dute zergarik ordaintzen eta merkeagoak izaten dira.
Dena dela, erosketak egitea oso gustuko ez badugu, Bartzelonako Itsas Museoa
bisita dezakegu, Drassanesen. Harrituta geratuko gara azken 500 urtetan Mediterraneoa zeharkatzeko erabili izan diren hainbat ontziren erakusketarekin.
Bata zein bestea egin ondoren, Bartzelonako auzune enblematikoenera joan behar dugu, Barcelonetara. Maremagnumetik 10 minutuko ibilbidea dago, Moll de la Fustatik (Bartzelonako portuko alde zaharra) eta beti itsaso alderantz. Hortxe daude hiri honek dituen altxor naturalik preziatuenak: hondartzak
(San Sebastián, El Bogatell, Mar Bella, Nueva Icaria, Barceloneta, eta abar).
Neguan, askoz ere jende gutxiago dagoenez, topagune lasaiak izaten dira. Uretako eta hondartzako kirolak praktikatzen dira, eta jakina, itsasotik metro gutxira dauden txiringitoetan gosari tipikoak edo pintxoak dastatzen dira, neguko argi eta eguzkitan. Gomendagarria da Goa Beach Clubean, San Sebastián hondartzan, geldiune bat egitea, "Vicky, Cristina, Barcelona" filmaren sekuentzia bat grabatu baitzen bertan.
Bigarren arratsaldea
13.30 - Itsasotik zerura
Ordu hauetan, tripa zorriak hasi dira dantzan eta non bazkaldu pentsatzen hasi behar dugu. Horretarako eta Barcelonetatik abiatuta, baditugu zenbait aukera. Hondartzatik hurbil dauden jatetxeetan arroz on bat jatea da erosoena, Barcelonetan eta Portu Olinpikoan
bereziki.
Itsas jaki onak eskaintzen dituzte Can Majó
jatetxean (Arroz urtsu zoragarria) eta Casa Solé jatetxean (Sant Carles kalea, 4.), 1903an ireki zituen ateak eta arrozagatik eta Manuel Vázquez Montalbánen begikoa izateagatik da ospetsua. Bestetik, Els pescadors
(Repsol Gidak gomendatua) eta Lluçanes
(Repsol eguzki batekin saritua) ditugu. Jatetxe horietan, ohiko Mar y Montaña katalana dasta dezakegu.
Beste aukera bat ere badago, ikusgarriagoa baina ez hain ohikoa; Motjuïc mendira funikularrez
igo eta Torre de alta mar
jatetxean hiriaren ikusmira ederrarekin bazkaltzea; Ez dugu inoiz ahaztuko.
17.00 - Mendi magikoa
Montjuïc gazteluaren
atzealdean, Picornell igerilekuen ondoan, terraza berezi bat topatuko dugu. El Xalet
da, pinuen arteko chill out bat, pintxo batez edo bazkalosteko kafeaz gozatzeko toki ezin hobea. Hirira itzultzeko, modu originalean egin dezakegu, oinez eta eskailera automatiko ugari eta dibertigarriak erabiliz.
Jaitsiera laburragoa eta atseginagoa egingo zaigu mendi magikoaren txokoak aurkitzen ditugun bitartean. Leku honetan gaudela, gogora dezagun hiriaren gertakizun historiko bat, instalazio olinpikoetatik eta bizi-bizian edo telebistan ikusi dutenak oraindik hunkitzen dituen 1992ko data oroitzen duen museotik bueltatxo bat emanez.
18.00 - Artea eta Natura
Beste batzuek, agian, nahiago izango dute menditik Plaza de Españara jaistea, Europako arte-gunerik garrantzitsuenetako batera hurbiltzeko. Aipatzekoak dira, zalantzarik gabe, Joan Miró fundazioa
eta arte garaikidearen bilduma bikaina.
Bestalde, Kataluniako Arte Nazionalaren Museoak (MNAC)
Europako arte sakro erromanikoaren bildumarik osatuena du. Haurrekin baldin bagoaz, Joan Miró Fundazioak, asteburu guztietan, kontzertu eta haur jarduerak eskaintzen ditu dohainik.
Interesgune batetik bestera goazen bitartean, parke eta lorategi aukera zabala izango dugu paseoan ibiltzeko, Palacete Albéniz inguratzen duen versailles estiloko parketik Costa i Lloberako kaktazeetara, haren espezialitatean munduko osatuena. Jaia amaitzeko, baita asteburuetan ere, ez dago eseri eta Montjuïc-eko iturriei begira egotea bezalakorik, daukaten ur, margo eta musika dantzaz gozatzeko.
Montjuïc mendiak eskaintzen dituen aukerei etekina ateraz egindako paseo horrekin, amaitu zaizkigu Bartzelonako azken orduak; baina hasieran esan dugun bezala, Fuente de Canaletaseko ura edan badugu, ziur itzuliko garela.
Sofistikatuentzat:
Bartzelonako diseinuzko sukaldaritza gustuko dutenek hitzordua dute Abac
(Repsol-en bi eguzkirekin saritua) jatetxean. Xavier Pellicer-ek sukaldaritza abangoardista eskaintzen du funtsik gabeko sormenean erori gabe (Avenida Tibidabo 1, tel.: 93 319 66 00). Lehen platerak elkarren artean banatzea da gure aholkua, azkeneraino heltzeko traba izan ez daitezen; izan ere, sukaldari-buruak dastatzeko eskaintzen dituen platertxoak oso oparoak dira.
Erreserbarik egin ez bada, barran edo mahai txikietan, edozein itxaropen gainditzeko moduko kalitate oneko produktuak eskaintzen ditu Inópia
jatetxeak (Repsol-ek gomendatua). Ferran Adriàren
anaia da bertako arduraduna eta modan dagoen jatetxeetako bat da. Diseinuzko pintxoak dira bertako berezitasuna: ez dituzu sekula ahaztuko (Tamarit 104, tel.: 93 424 52 31).
Lasaitasunaz gozatzeko:
Flotarium Barcelona
. Flotatzea osasun, ongizate eta edertasun kontzeptu berria da, bizi-kalitatea hobetu nahi duten guztien eskura. Ordubeteak irauten duen bitartean, gure gorputzean ez da grabitatea existituko eta espazio-ontzi batean bezalaxe sentituko gara, esfortzurik gabe flotatzen, Itsaso Hilean bezala. Estresari aurre egiteko eta muskuluak erlaxatzeko azken berrikuntza.
Abenturazaleentzat:
Bartzelona gaineko hegaldiak helikopteroan
. Txori baten antzera, hiria ikustea da Cathelicopters enpresak eskaintzen duena; irteera Bartzelonako portutik.
Lagunentzat:
Kopak eta dantzaldi panoramikoak. Tibidabo aldean, funikularraren irteeran, plaza txiki bat dago (Doctor Andreu, 2), eta hiriko pub eta disko-bar ezagunenak daude bertan, Mirablau edo Mervellé, besteak beste. Kopa bat lasai-lasai hartu edo goizaldera arte dantza egin dezakegu, hiriko gau-ikuspegirik zirraragarrienarekin batera.
Familientzat:
L’Aquàrium (Maremagnum)
, Mediterraneoa gai hartuta, munduko itsas zentro ludiko eta hezigarri garrantzitsuena da. 35 akuario, 450 espezieren 11.000 eredu, 80 metroko itsaspeko tunela, sei milioi litro ur eta Ozeanario erraldoia; horiek guztiek egiten dute leku hau aparteko, eta, jadanik, 14 milioi pertsonek bisitatu dute. Esperientzia izugarria da adin guztietako bisitarientzat.
Eskerrak: Toni Vidal.