Kordoba mirari kulturala da. Monumentu legatu izugarria duen hiri hau hainbat eta hainbat filosofo, mediku, mistiko eta poetaren sehaska izan zen. Bertako txokoetan barrena galtzea denboraren tunelean sartu eta Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko zubia zeharkatzea da. Hiriak, erakarpen turistiko ezagunetatik haraindi, besterik gabe, bertako kaleetan barrena ibiltzeko eta bertako etxe kareztatuen ikuskizuna ikusteko gonbitea egiten du, lorez, lorontziz eta landarez beteta egoten baitira; lorategi hiriaren benetako ikuskizuna.
Lehenengo goiza
10:00etan - Kordoba erromatarra
Oporretan eta lasaitasunez bagabiltza, Kordoban ez da beharrezkoa oso goiz jaikitzea. Lasai-lasai gosaldu, eta hiri erromatarra bisitatzeari ekingo diogu. Izan ere, askok buruan Kordoba arabiarraren irudia badugu ere, hiriaren jatorria erromatarra da, K.a. II. mendekoa, Claudio Marcelo jenerala Guadalquivirren ibaiertzean finkatu zenekoa, Corduba
sortzeko. Hirian kultura erromatarraren aztarnak geroztiko kulturenak baino urriagoak diren arren, badira bisitatzea merezi duten bitxi batzuk.
Nabarmentzekoa da tenplu erromatarra –udaletxearen ondoan dago–, bere tamaina handiarengatik harrituta utziko gaituena. Horrez gain, nabarmentzekoa da zubia ere
, hiriko monumentu enblematikoenetakoa. Duela urte gutxi birmoldatu bazen ere, bere xarma erakargarriari eusten dio bere hamasei arkuei esker (lau zorrotzak eta hamabi erdi-puntukoak). Egunez edo gauez ikustea ederra da benetan, eta hiriaren postal tipikoenetakoa da.
12:00etan - Kordobako lorategi zintzilikari txikiak
Hiria ezagutzen jarraituko dugu. Calleja de las Floresera joko dugu
; kale txiki bat da, erdigunerantz hamar minutura dago oinez, katedralaren ondoan. Kale hau zentzumenen gozagarri da. Harrigarria da zeinen ongi zainduta dauden balkoiak, lore eta landare zintzilikariz josiak. Gainera, kale txiki hau plaza batean amaitzen da, eta handik hiriaren ikuspegirik politenetakoa izango dugu. Hortik hiru minutura, Conde de Vallellanoren etorbiderantz eginez, Puerta de Almodóvar aurkituko dugu
; Cairuán kaletik iritsiko gara bertara.
Garai musulmanean, atea Bab al-Yawz gisa ezagutzen zen eta, 1802an berritu zen arren, ia osorik mantendu dira almenak eta adarbea. Haren aurrean, Senekari eskainitako eskultura bat ikusiko dugu; Kordobako filosofo eta dramaturgo unibertsalena izan zen bera. Txoko zoragarria eta ezinbestekoa da.
Lehenengo arratsaldea
14:00etan - Delicatessen Kordobako eran
Puerta de Almodóvarren ondo-ondoan, Doctor Fleming kalean, dago Mesón Juan Peña, leku txiki baina bikaina, arnasa hartu eta tapa gozo-gozoez gozatzeko aparta (pescadito frito eta puntillitas izenekoak luxuzkoak dira), ardo onarekin lagunduta.
Leku zabalagoa nahiago badugu, karta landuagoarekin, Bodegas Campos
jatetxera hurbil gaitezke (Repsol-ek gomendatzen du) (Los Lineros kalea, 32, Judu auzotik bost minutura, Paseo de la Ribera ukituz). Oso ongi girotutako upategi zaharra da, jatorriz Kordobakoa den sukaldaritza bikaina eskaintzen duena. Baratxuria otarrainxkekin edo zezen isatsa hezurrik gabe patata krematsuarekin benetan gozoak dira.
16:00etan - Meskita, hiriaren sinboloa
Lehenengo bi orduak zalantzarik gabe hiriko bitxia dena ezagutzeko erabiliko ditugu: meskita
, Mendebalde islamiar osoko monumentu garrantzitsuentzat eta munduko harrigarrienetakotzat hartzen dena. 780. urtean hasi ziren eraikitzen, San Vicente eliza bisigodoa zegoen lekuan, eta zenbaitetan handitu zen, 987. urtean egungo neurria hartu zuen arte.
Bere historia osoko berrikuntza okerrena XVI. mendean egin zen, Karlos V.aren erregealdian, Abderramán II.ak eta Almanzorrek handitzeko eginiko lanen zati bat (ez zen polemikarik falta izan) ezabatu zenean, katedral kristaua egiteko.
Bere historian, Espainiako estilo omeiatarraren bilakaera osoa laburbiltzen da, eraikuntza kristauaren estilo gotiko, errenazentista eta barrokoaz gain. Orduak egin ditzakegu han barrena, eta meskita izugarri batean gaudela iruditu orduko, katedral argitsu baten barruan gaudela irudituko zaigu.
Bi gune desberdin ditu: patio arkupeduna, dorre errenazentistaren azpian alminarra altxatzen dela, eta otoitzerako edo haram aretoa. Barruko gunea koloretako bi zutabe eta arkuen kontzertu baten gainean dago; haien efektu kromatikoak aho zabalik utziko gaitu. Bisitatzea ezinbestekoa dela esatea ere gutxi da.
18:00etan - Casa de la Concha etxea Judutegian
Meskitatik irten eta Torrijos kalea hartuko dugu iparralderantz eta bost minutura Judutegian izango gara. Bertan ibiliko gara pixka batean. Bertako kale estuak eta etxe kareztatuak hiriaren estanpa ezagunenetakoa dira. Nahiko txikia denez, onena kezkarik gabe bertan murgiltzea eta bertako txokoak ikustea izango da; Plaza de la Concha plaza (bertan da Casa de la Concha etxe ederra, eskailera erdizirkular zoragarriarekin) edo Pañuelo kale txikia –plazaren ondoan–, Espainiako lerik estuen gisa katalogatutakoa.
Sinagogara ere hurbil gaitezke
–herrialde osoan ondoen kontserbatutako bat da–. Nabarmentzekoa da emakumeen tribunari eusten dion hormaren edertasuna, igeltsuz apaindutako hiru arkurekin irekitakoa.
20:30ean - Gaua pizten da
Eguna amaierara hurbiltzen ari da, baina afaltzea eta Kordobako gauari pultsua hartzea falta da. Beraz, Cardenal Herrero kaleko 28 zk.ra joango gara (Judutegiaren izkina batean, Torrijos kalearen ondoan, sinagogatik berrehun metro eskasera) eta ea zortea dugun Caballo Rojon
; jatetxe honetan José García Marín, Pepe el del Caballo Rojo ezizenez, gu aho zabalik uzteaz arduratuko da arkume giltzurrunak ardo zaharrarekin, kalifa berenjenak edo zapo mozarabiarra dastagai jarrita.
Hemen erosotasuna, abegi ona eta profesionaltasuna, denak batean, topatuko ditugu. Eta zerbait hartzeko, Plaza de la Corredera plazara joan beharko dugu. Hiriaren erdigunean dago, kordobar gauzaleenak bildu ohi diren lekuan. Han terrazaz terraza joan gaitezke, arreta ematen digun tabernaren bila. Mari Luzen proba egin dezakegu, edo baita Patrin ere. Giro ona bermatuta izango dugu bertan.
Bigarren goiza
9:30ean - Medina Azahara eta Erregeen alkazarraren artean
Bigarren eguna dugu Kordoban, eta gauza gehiago dugu ikusteko. Hiria txikia dela eta 48 ordutan ezagut daitekeela egiaztatu dugu. Baina aberatsa da historiari eta bisitatzeko lekuei dagokienez. Horregatik, hasteko, plan bikoitza aukera dezakegu: hiria ezagutzen jarraitu edo handik 8 km ingurura mugitu eta Medina Azahara ezagutu (Abderramán III.aren Erdi Aroko hiria).
Hiritik irtetea erabakitzen badugu, A-431 errepidetik joan gaitezke (Palma del Ríoko errepidea), CV-119 errepidea eskuinerantz hartuta, eta ondoren ezkerrerantz, seinaleztatutako desbideratze batetik. Madinat al-Zahra'
Abderramán III.ak Sierra Morena mendilerroaren magalean eraikitzeko agindu zuen hiri ospetsu eta misteriotsua da. Izenak ere legendazko historiak ditu.
Betidanik, herri tradizioak dio, Abderramán III.a K.o. 929. urtean kalifa autoizendatu eta zortzi urteko erregealdiaren ondoren, hiri palatinoa eraikitzea erabaki zuen bere kutunenaren, Azahararen, ohorez. Hala ere, egin berri diren azterlanek kalifa Medina Azahara sortzera eraman zuten kausaren froga indartsuak azaldu dituzte. Gaur egun medina berriaren jatorri probableena Mendebaldeko Kaliferri Independente sortu berriaren irudi berrituaren proiekzioa dela onartzen da, Europako indartsuena eta boteretsuena.
Hiria ezagutzen jarraitzea nahiago badugu, ez digu hutsik egingo. Kasu honetan, Errege Kristauen alkazarrarekin hasiko ginateke
. Izaera militarreko eraikin gotiko hau Errege Katolikoen bizileku izan zortzi urtez, eta hemen egin zioten harrera Cristóbal Colóni Ameriketatik itzuli zenean. Itxura soila du multzoak, baina barruan dituen patio eta lorategiek fintasun harrigarria dute. Horietan paseatzean urmaelak, kolorezko arrainak eta nenufarrak izango ditugu inguruan, eta eguna hasteko modu aparta izango da.
Merezi du Omenaldiaren eta Inkisizioaren dorreak eta Mosaikoen Aretoa bisitatzea ere. Han Plaza de la Corredera plazan aurkitutako mosaiko erromatarrak eta II. eta III. mendeko sarkofagoak ikusi ahal izango ditugu. Paradisu txiki bat da hiriaren barruan, beraz, ez dugu alde egiteko presarik izan behar.
12:00etan - Kordobako patiorako ordua
Kordobako erakarpenetako bat bertako patio tipikoak dira
. Hortaz, ibilbide txiki bat egin beharko dugu (betiere hiriaren erdigune historikoan) ikusgarrienak bisitatzeko. Patio asko daude Alkazar Zaharraren auzoan, oraintxe utzi berri dugun alkazarraren eta San Basilio parrokiaren artean, nahiz eta badauden Santa Marina auzoan ere, San Lorenzo eta Magdalena inguruan, eta Judutegian ere. Ikustekoak dira Palacio de Vianakoak
; hain dira gogorarazleak, ezen eta haietako batean erretiratu eta bizitza irakurtzen edo meditatzen pasatzeko gogoa ematen duten: ederra benetan.
Bigarren arratsaldea
14:00etan - Kordobako azken tapak ahitzen
Palacio de Viana jauregitik hurbil pare bat leku daude, ez oso ezagunak, baina bidean geldialdia egin eta jateko oso egokiak. Ondoko Ocaña kalean, Taberna Rincón de las Beatillas
taberna topatuko dugu; ezin egokiagoa da hiria tapa on batzuekin agurtzeko. Familiarekin joanez gero, agian, hobe izango da ondoko Enrique Redel kalera joatea eta, eserita, pizza bat jatea El Patrón pizzerian
. Kontuz! Ez dira edonolako pizzak. Osagai guztiak jatorrizko lekuetatik datoz eta egurrezko labean egiteko aukera ere eskaintzen dute. Biak ere aukera onak dira.
16:00etan - Plazak eta museoak
Eta hiri zoragarri hau agurtzeko, hiriko plaza zoragarri pare bat eta museo bat bisitatzea proposatzen dugu. Plaza del Potro plaza, bertako iturri errenazentistak ematen dio izena; elementu apaingarri nagusia zaldiko baten irudia da. Tradizioz, ganadua erosi eta saltzeko lekua izan zen, plazan bertan dagoen Posada del Potro ezagunak erakusten duen bezala; bertako geletan ostatu hartu zuen behin baino gehiagotan Miguel de Cervantesek.
Plaza horretan dago Museo Julio Romero de Torres museoa ere
(abestiak dioen bezala: “…pintó a la mujer morena…”). Interesgarria da bisitatzea, bere lan nagusiez gozatzeko: La chiquita piconera, Naranjas y limones, Cante hondo edo Poema a Córdoba.
Alde egin aurretik, Plaza de Capuchinos plaza hunkigarria bisitatuko dugu; apaindura gutxiko horma garbi-garbiak eta Santo Ángel komentuaren harrizko portadak. Plazaren erdian hiriaren irudi berezienetako bat topatuko dugu: Cristo de los Faroles deiturikoa. Laster Kordoban berriz elkar ikusteko eskaera egin geniezaioke.
Sofistikatuentzat
Hospes Palacio del Bailio
hotela (Ramírez de las Casas Deza, 10-12, tel.: 902 254 255), erdigunean dago, eta Kordobako bost izarreko hotelik onena da. Diseinua, historia, espazioa eta argitasuna bikain uztartzen dira, hotel bikainetara ohituta daudenak ere liluratuko ditu.
Lasaitasunaz gozatzeko
Kordoban atseden hartzeko paradisuak Hammam
du izena, eta erdigunean dago (Corregidor Luis de la Cerda, 51, tel.: 957 484 746). Areto bakoitzean bainatzea eta masaje lasaigarria esentziazko olioekin, buru eta gorputz estresatuentzako terapiarik onena. Lekua nahiz zerbitzua ikusgarriak dira.
Abenturazaleentzat
Abenturazaleentzat, globo aerostatikoan hegaldia egitea gomendatzen dugu Cirros Sur Andalucíarekin
(tel.: 957 538 280). Ausartenek paseatzeko beste modu bat ezagutuko dute, eta airean flotatzeko sentsazio aparta biziko dute; jarduera oso gomendagarria da.
Lagunentzat
Eco Parque Aventura Noerescapaz
, hiritik hogei minutura baino ez (Villaviciosako errepidetik 12. kilometroa, Las Solanas del Pilarren, tel.: 619 603 306/620 180 656). Naturaz inguratuta dibertitzeko proposamena da. Zaldiz paseatzea, quads-etan ibiltzea, mountain bike-z ibiltzea, mendian ibiltzea, ibaian arrantza egitea, arku tiraketa, edo tirolinak, zubi kulunkariak edo pasabide esekiak ditugu aukeran. Hemen dibertsioa ziurtatuta dago.
Familientzat
Menéndez Pidal etorbidean (unibertsitatearen ondoan) La Ciudad de los niñ@s
topatuko dugu; hiriko haur jolas eremu handiena eta lau hektareako berdegunean biltzen dituen Espainiako barruti bakarra. Ezin egokiagoa da familiarekin joateko eta goiz entretenigarria igarotzeko.
Eskerrak: © TURISMO ANDALUZ, S.A.