Repsol

Cuenca, hiri sorginduaren lilura


Cuenca Júcar eta Huécar ibaien artean dago. Hiria bera bitxi samarra da. Askoren ustez, hiri hau naturaren eta hiriaren arteko harmonia eta bizikidetza perfektuaren erakusgarri da. Txikia izan arren, arau guztiak apurtzen dituela dirudi. Alabaina, oinez bakarrik ezagut daiteke ondo. Bisitatzeak benetan merezi du. Horregatik izendatu zuen UNESCOk Gizadiaren Ondare. Bertako gastronomia berezia ere ezin dugu ahaztu. Hiri honetako plater nagusia morteruelo izenekoa da (txerri, erbi, eper eta oilo gibelekin eta txerri gantzarekin, intxaurrekin, urdaiazpikoarekin eta espeziekin egiten den platera). Honako plater hauek ere oso ezagunak dira: arkume eltzekariak, ibaiko karramarroak eta Mantxako gazpatxoa. Cuencako beste zapore tipikoetako bat zarajo izeneko mokaduena da. Zarajo-ak ondo garbitutako arkume hesteak dira, gurutze forman jarritako bi makilatxoren inguruan txirikordatuak; labean edo parrillan erretzen dira, edo oliba oliotan frijitzen dira.

 

Lehen goiza 

10:00 Plaza Mayor enparantzan lehen aldiz 

Trapezio forma berezia duen Plaza Mayor enparantzatik hasiko gara. Leku hori Cuencako “zero kilometroa” eta hiriko gunerik garrantzitsuena da. Izan ere, hirigune historikoko leku ireki handiena eta jende gehien biltzen duena da. Hegoaldeko aldean ikus daiteke bertako arkitekturaren altxorretako bat: udaletxearen fatxada barrokoa. Erdi puntuko hiru arkuren gainean dago eta, hori dela eta, oinezkoentzako efektu oso erabilgarria sortzen da bertan: plaza itxi beharrean, ireki egiten du. Horren aurrean, plazaren beste aldean, arrosa argi koloreko eraikin bat ikus dezakegu: Convento de las Petras komentua, XVI. mendeko eraikin barrokoa. 

10:30 Cuencako harrotasuna 

Eskuinean Nuestra Señora de Santa María y San Julián edo Nuestra Señora de Gracia katedrala ikus dezakegu. Katedralak honako ordutegi hau du: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; larunbatetan, 10:00etatik 19:00etara; eta igandetan, 10:00etatik 18:00etara. Katedralean atentzioa ematen duten lehen gauzak bertara sartzeko harmailadi handia eta fatxada nagusia dira (XII. mendean hasi ziren eraikitzen). Tradizioak dionez, katedrala Alfontso VIII.aren emazte Leonor Ingalaterrakoaren eraginez eraiki zen. Emakumearekin batera, zaldun, artisau eta apaiz normandiarrak iritsi ziren hirira. Horri zor zaio katedralaren estilo gotiko-normandiar berezia. 

Barnealdean, hainbat elementu gertatuko zaizkigu deigarriak. Hasteko, erdiko nabeko sabaia; Capilla de los Apóstoles kapera, atari platereskoduna; Capilla Mayor kapera; Arco de Jamete arkua, argi berezia ematen dion arrosa leihoa duena; eta Capilla de los Caballeros kapera. XVIII. mendeko bi organoak ere aipagarriak dira (oraindik ezin hobeto funtzionatzen dute). Horrez gain, beirate ikusgarrietatik igarotzen diren argiek sorrarazten dituzten efektuak nabarmendu behar dira. Ohikoa da jendea hainbat minututan sabaira begira ikustea, bertan baitaude katedral honetako elementu ederretako asko. 

12:30 Zintzilikatuak, ez zintzilikariak 

Katedraletik irten eta Obispo Valero kalea hartuko dugu, ezkerraldera. Bertan, behera egingo dugu pixka bat, Clavel kalera arte. 75 metro inguru egindakoan, ezkerretara hartuko dugu San Martín kalean, eta etxe zintzilikatu ospetsuetara iritsiko gara. 

Etxeen jatorria arabiarra dela uste da, baina gaur egungoak XIV. edo XV. mendekoak dira. Zintzilikatuak deitzen zaie, eta ez zintzilikariak, hormari lotuta daudelako, Huécar ibaiaren gainean, eta ez amildegian dilindan. 

Barnealdean Espainiako Arte Abstraktuaren Museoa dago eta, bertan, Chillidaren, Tàpiesen eta Oteizaren lanak aurki daitezke. Horrez gain, erakusketa aretoetako balkoi korrituetatik izugarrizko bistak ikusi ahal izango ditugu. Argazki kamera ezinbestekoa da hemen. 

14:00 Casa de las Sirenas etxeko bistak 

Museotik atera eta hogei bat metro egingo ditugu eskuinerantz, Canónigos kalean barrena, leku berezi batera iritsi arte: Casa de las Sirenas eraikinaren azpiko arkua. Bertan zegoen garai batean antzinako harresiko ateetako bat. 

Berriz ere Canónigos kaletik itzuliko gara, eta Repsol Gidak gomendatzen duen jatetxe batera sartuko gara: Mesón de las Casas Colgadas. Leku hau perfektua da, bi arrazoirengatik: bertako bistak eta karta. Jatetxe honetan bertako platerak probatu ahal izango ditugu, esaterako, ajoarrieroa edo morteruelo-a.

 

Lehen arratsaldea 

16:00 Bisitaldia museora 

Eskuinera igoko gara, Obispo Valero kalearen bila. Cuencako Museotik 30 metro ingurura gaude. Museoak honako ordutegi hau du:  asteartetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta igandetan 10:00etatik 14:00etara. Museoan Cuencaren historiaren berri izan dezakegu, bertako aurkikuntza arkeologikoei esker (Paleolitikotik eta Brontze Arotik Aro Modernora artekoak). 

17:00 Huécar ibaiaren beste aldean 

Cuencan, ezinezkoa da oinez ibili gabe gelditzea, beraz, txango txiki bat egingo dugu. Canónigos kaletik itzuliko gara, 100 metroko altuera duen San Pablo burdinazko zubiraino. Arkitektura industrialaren arloko altxor hau 1902an eraiki zuten. 

Huécar ibaiaren beste aldean, eskuinean,  San Pablo komentua nabarmendu behar da, XVI. mendekoa. Gaur egun paradore nazionala da; bertan mokadutxo bat hartuko dugu eta, ondoren, gure ibilaldiarekin jarraituko dugu. 

18:00 Bertako artisten aztarnak 

Lehen geldialdia komentuko antzinako eliza-kaperan egingo dugu. Bertan dago Espacio Torner museo txikia, Cuencako Gustavo Torner artistaren 40 lan barne hartzen dituena. 

San Pablo zubira itzuliko gara, gurutzatu egingo dugu eta eskuinerantz hartuko dugu. 200 metrora Pastor de las Huesas del Vasallo izeneko eskultura dago. 1929ko brontzezko obra da, Luis Marco Pérez bertako artistak sinatua.  Hori ikusi ondoren, berriro ere San Pablorako igoerari ekingo diogu. Ezkerrera igaroko gara Ciudad de Ronda plazan barrena, eta behera egingo dugu San Martín eta Santa Catalina kaleetatik. 200 metro aurrerago, Iglesia de Santa Cruz artisautza zentroa dago. Zentro kultural honetan Gaztela-Mantxako artisau onenen abangoardiako obrak daude ikusgai, eta erosi ere egin daitezke. 

19:00 Iluntzea Júcar ibaian 

Bisitaldiaren ondoren, ezkerrerantz aterako gara eta Alfonso VIII kalera iritsiko gara, hiriko biderik garrantzitsuenera alegia. Bertako eraikinen fatxadetako koloreek atentzioa ematen dute. Kalearen amaieran, eskuinera hartuko dugu, Andrés de Cabrera kalean, eta Puerta de San Juan pasabidera iritsiko gara. 

San Juan kalean behera jarraituko dugu eta Trinidad zubira iritsiko gara (ezkerraldean). Zubia gurutzatu eta eskuinerantz ehun metro egingo ditugu, Virgen de la Luz etorbidean barrena. Gure eskuinean San Antón zubiaren hasiera izango dugu. Harrizko zubi hau lehen bertan zegoen jatorri musulmaneko zubi zaharraren ordezkoa da. Oraingo zubia XVIII. mendekoa da eta San Antón auzorako sarbidea da. 

Júcar ibaia gurutzatu eta Virgen de la Luz elizara iritsiko gara (irekita 8:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara). Eraikina garai baterako San Antón elizaren leku berean dago, eta XVIII. mendean guztiz berritu zuten. Barnealdean, herriko zaindari Virgen de la Luz ama birjina ezagunaren irudia dago. Aste Santuan, bertatik ateratzen da ostegun santuko Procesión de Paz y Caridad prozesioa. 

20:00 Beheko hiria 

Berriro ere San Antón zubia gurutzatuko dugu eta zuzen jarraituko dugu, Colón kaletik. Ondoren, ezkerrera hartuko dugu, Santiago Ospitalea atzean utziko dugu eta Mateo Miguel Ayllón kaletik jarraituko dugu, Plaza de la Constitución plazara iritsi arte. Jarraian, Carretería kalean barrena jarraituko dugu, Plaza de la Hispanidad plazara iritsi arte. 

Apur bat ezkerrerantz joango gara, Cervantes kaletik. Laster iritsiko gara gure helmugara; Fermín Caballero kaleko bi etxadi zeharkatu eta ezkerraldera biratu besterik ez dugu egin behar, Federico García Lorca kalean. 

Helmugara iritsi gara: Restaurante Raff jatetxea (Repsol-eko Eguzki bat du). Jatetxe ezagun honetan, barra sukaldearen inguruan dago, asiar erara. Horri esker, José Ignacio Herraiz chefa lanean ikus dezakegu. Bertako sorkuntzen artean, nahitaez probatu behar dira txibi bolak eta ajoarriero kaneloia. 

Ondoren, Cuencako gauari hasiera emango diogu giro animatuko lokalak dituzten hiru gunetan: La Calle, La Estación eta, noski, hirigune historikoa.

Bigarren goiza 

10:00 Plazaz plaza 

Berriz ere Plaza Mayor enparantzatik aterako gara. Udaletxe azpiko zubiak gurutzatuko ditugu eta, eskuinera, Plaza de la Merced plazan sartuko gara. Plaza txiki honetan hainbat leku interesgarri aurkitu ahal izango ditugu: Santísimas Esclavas del Santísimo Sacramento komentua, Blancas izenekoen ordenakoa, eta Iglesia de la Merced eliza. Bi eraikin horiek Hurtado de Mendoza familia garrantzitsuaren antzinako jauregian daude kokatuta. 

Plaza gurutzatu besterik ez dugu egin behar denboran aurrera egiteko. Izan ere, beste aldean, Gaztela-Mantxako Zientzia Museoa dago. Zentro honek erakusketa eta gaikako ibilbide interesgarriak barne hartzen ditu, etxeko txikienen gozamenerako. 

11:00 Minarete edo dorrea 

Hegoalderantz joango gara Santa María kaletik. 80 metrora, Plaza de Mangana enparantzaren zabalgunea ikusiko dugu. Alde batean, Gustavo Torner artistak konstituzioaren omenez egindako monumentua ikus dezakegu; eta, beste aldean, Torre de Mangana dorrea. Dorrearen jatorria ez dago oso argi; batzuek alkazar musulmaneko minaretea dela diote eta, beste batzuek, XVI. mendeko Santa María kanpandorrea dela. 

Aldaketa ugari jasan ondoren, 1968an egin zuten behin betikoa. Alabaina, hasieratik erloju gisa erabili da, Cuencako biztanleen eguneroko lagun. 

11:30 Aste Santuaren aztarna 

Cuenca maldaz betetako hiria da. Jarraian, ondoko Plaza del Carmen plazara jaitsiko gara. Bertatik, beherantz jarraituko dugu, Alfonso VIII kalera arte. Eskuinera hartuko dugu eta 100 metro inguru egingo ditugu, Aste Santuaren Museora iritsi arte (ordutegia: asteazkenetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era; eta igandetan, 11:00etatik 14:00etara). 

Aste Santuan etorriz gero, Cuencan garai horrek duen garrantziaz jabetuko gara leku honetan. Cuencako Aste Santua nazioarteko turismo interes izendatu dute. Hirian 32 kofradia daude; horietako 13 XIX. mendea baino lehenagokoak. Beraz, egun horietan, hirigune historikoko kale guztiak bide nazaretar bihurtzen dira. 

12:30 Lur azpiko Cuenca 

Gure bidean aurrera jarraituko dugu, ezkerraldera hartuta, Caballeros kalean barrena. Modu horretan, Alfonso VIII kalera itzuliko gara. 150 metrora, Gerra Zibileko antiaireko babeslekurako sarrera dago. Leku bitxia eta harrigarria da. Lehen etxebizitza gisa erabiltzen ziren eta udalak XIX. mende amaiera desjabetu zituen koba batzuk aprobetxatuta eraiki zuten. Honako ordutegi hau du: 12:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era. Bisitaldi gidatuak hogei minutukoak dira. Hemen hasten da lur azpiko Cuencako ibilbidea. Hori osatzeko, beste bi babesleku eta San Andrés kripta ikusiko ditugu. 

13:15 Eraikin bereziak 

Alfonso VIII kaletik, arkupe txiki batzuk aurkituko ditugu gure eskuinetara. Horietatik San Martín auzora sar gaitezke. Bertako eraikinen fatxadak kalera begira daude, baina eraikinen atzealdeak 3 edo 4 solairu beherago iristen dira, Huécar ibaiaren arroilara ematen duen horma bertikalean. Horregatik, beste aldetik ikusita, eraikin hauei San Martín auzoko etxe sakonak edo etxe orratzak deitzen zaie. 

14:00 Iparralderantz gurutzatuko dugu 

Alfonso VIII kaletik itzuliko gara, Plaza Mayor enparantzarantz. Plaza gurutzatuko dugu eta eskuinetara doan kalea hartuko dugu, Convento de Las Petras komentua inguratuz. San Pedro kalean agertuko gara. Ehun metro inguru ibiliko gara, San Nicolás jatetxera arte (Repsol Gidak gomendatzen du). Jatetxe hau ezaguna da bertan egiten dituzten ehizari eskainitako jardunaldi gastronomikoengatik. Ezin dugu bertatik irten ajoarrieroa, atascaburras edo migas ruleras platerak probatu gabe.

 

Bigarren arratsaldea 

16:00 Hiriaren goiko aldea 

Gure ibilbidean aurrera jarraituko dugu, hiriko gunerik altuenera igota. Horretarako, San Pedro kalean aurrera jarraituko dugu eta eskuinera hartuko dugu, Trabuco kalera. Gutxi gorabehera 500 metrora,  Artxibo Historiko Probintziala bisita dezakegu. Garai batean Inkisizioko Auzitegia eta kartzela probintziala zeuden eraikinean dago. Horrez gain, garai batean, gazteluko barrutiaren zati izan zen. 

Arabiar jatorriko gazteluko gauza gutxi gelditzen da: artxiboaren aurrean dagoen Arco de Bezudo arku txikia (ekialderako hiriko atea), dorrearen zati bat eta harresiaren zati txiki bat. 

16:30 Júcar ibairako jaitsiera 

Trabuco kaletik itzuliko gara eta Ronda del Júcar ingurabidea hartuko dugu eskuinera. Horri jarraituz, San Nicolás elizaren atzetik, Severo Catalina kalearekin (edo Pilares kalea; batzuek lehengo izena erabiltzen dute oraindik) elkartzen den lekura iritsiko gara. Eskuinera hartuko dugu Bajada de las Angustias kaletik. Bidea sigi-sagan jaisten da Júcar ibairaino. Arco de los Descalzos arkua eta Convento de los Franciscanos Descalzos komentua zenaren arrastoak (gure ezkerrean) zeharkatuko ditugu. 

Beherako bideak Virgen de las Angustias ermitaraino eramango gaitu (ordutegia: neguan, 9:00etatik 19:00etara; eta udan, 9:00etatik 22:00etara). Cuencarrek ama birjin horrekiko debozio handia dute. Tradizioaren arabera, nekaldiko ostiralean ama birjinaren mantuari musu eman behar zaio, eta ostiral santuan berarekin batera atera behar da. 

Bideak behera jarraitzen du Júcar ibaiaren ertzeraino, Puente de los Descalzos zubirantz. Pasagune horrek ibaiaren beste aldera igarotzea ahalbidetzen du. Ibaia gurutzatu nahi ez badugu, ermitaren alde berean aisialdirako egokitutako gune bat dago: Recreo Peral eremua. Leku honek hiriko bista bikainak ditu. 

18:00 Bisitaldia San Miguel auzora 

Eguna amaitzen ari da eta hirira itzuli behar dugu. Bajada de las Angustias kaletik joango gara (20 minutu baino gehixeago behar izango ditugu). San Nicolás plazara iristean, eskuinetara hartuko dugu Calle de las Armas kalean. San Miguel auzo bitxira iritsiko gara. Bertan, etxeak bata bestearen ondo-ondoan daude eta autoek ezin dute kaleetan sartu. 

San Miguel eliza Júcar ibaiaren gainean dago. Jatorri erromanikoa du, baina XVIII. mendean berritu zuten. Erlijio Musikaren Astean bakarrik egoten da irekita. Aste hori Cuencako Aste Santuko jarduera garrantzitsuenetakoa da. Hain zuzen ere, 2011n Erlijio Musikaren Astearen 50 edizioa egingo da. 

18:45 Agurraren hasiera 

Bajada de San Miguel kale maldatsuan gora egingo dugu eta udaletxearen atzeko aldera iritsiko gara. Alfonso VIII kalea lasai igarotzeko eta bertako zeramika (Adrián Navarro), artisautza edo lurreko produktuen dendetan sartzeko une egokia da. La Alacena dendan gazta, ardoa, eztia eta plater tradizional ontziratuak erosi ahal izango ditugu. 

20:30 Afaria Huécar ibaiaren gainean 

Gure bisitaldia amaitzeko, katedralaren fatxadaren ezkerraldean hasten den kalea hartuko dugu: Ronda de Julián Romero. Metro gutxira, Figón del Huécar jatetxea aurkituko dugu (Repsol-eko Eguzki bat du). Jatetxe honen bitxikeriatako bat José Luis Perales abeslariaren etxea izandako eraikinean dagoela da. 

Bertako platerek ukitu modernoa ematen diote sukaldaritza tradizionalari. Bertan, besteak beste, arrain eltzekaria proba dezakegu, gure azpian Huécar ibaiaren arroila, ezin hobeto argiztatua, ikusten dugun bitartean. Horrelaxe emango diogu amaiera gure egonaldiari.

Zarena zarela, plan bat dugu zuretzat

Sofistikatuentzat

Hacienda de San Bartolomé landetxea nabarmendu behar da, Huete herrian kokatua, Cuencatik 54 km-ra. Bertako bi suitez eta bost gela bikoitzez gain, bezeroei aire librean egiteko hainbat jarduera eskaintzen dizkie: hipika, mendi ibiliak, ehiza eta arrantza.

Familian

Serranía Alta eskualdean, 40 kilometro ingurura, txikienek egun bikaina igaro dezakete hartzak ikusiz,  El Hosquillo natura erreserban. Bertara joateko, aurrez erreserba egin behar da Cuencako Ingurumen Sailean.

Lagun artean

Bizikletarekin, Júcar ibaiko ibilbidea ezin hobea da taldean egiteko. Fuente del Abanico kaletik ateratzen da, Recreo Peral gunetik igarotzen da eta San Antón zubian amaitzen da. Ibilbideak 11,3 km ditu (bikoitza hasierako lekura itzuliz gero). Udal hondartzan bainu bat ere har dezakegu. 

Erlaxatzeko

Autoan joanez gero,Buendía urtegia ordu eta erdira dago. Bertan dago Ruta de las Caras izeneko ibilbidea. Harrizko eskulturez betetako doako museo hau belar usaintsuz, laborantzarako lurrez, olibadiz eta pinudiz inguratuta dago.

Abenturazaleentzat

Cuenca probintzia osoa arrisku kirolak egiteko leku ezin hobea da, Guías Especialistas de Aventurataldeari esker. Gidari talde horrek Cuencako mendilerroko parke naturalean du bere gune nagusia.

Esker onak: © Cuencako Udal Turismo Bulegoa; © Vueling eta Javier Romero (argazkilaria)