Repsol

Granada, zentzumen guztien jabe


Gaztelaniazko esaera batek hala dio: “No hay pena más grande que ser ciego en Granada”. Izan ere, Alhambratik haraindi ezer ez dagoela uste duena oker dago, eta oso. Baina hiri honek, ikusmenaz gain, sentipenak suspertzen dizkigu. Zentzumen eta emozio guztietarako poza dakar. Granada bizi beharra dago. Bere-bereak diren zaporeak biltzen ditu eta bertako lagunek bizipoza barreiatzen dute. Prest egon gaitezen, 48 ordutan zehar gure zentzumenak bizi-bizirik egongo dira.

 

Lehen goiza 

10.00etan - Estilo anitzeko katedrala

Gure ibilaldiari ekiteko, Granadako katedrala bisitatuko dugu, Gran Vía de Colón kalean dagoena (bertako farola bitxi eta modernoei erreparatu behar diegu). Benetan tenplu berezia da, Meskita Nazari Handiaren hondarren gainean eraikitzen hasi baitzen. Lehenengo arkitektoak katedral gotiko bat altxatu nahi izan zuen, baina zimenduak besterik eraiki ondoren, Diego de Siloéren eskuetan utzi zuten proiektua, eta estilo errenazentistan eraikitzen jarraitu zuen. 

Mende bat geroago, aurrealde barrokoa egin zen. Estilo desberdinak nahastean, tenplua originala da oso, eta granadarrak harro sentitzen dira. Barnealdeko harri zuria eta urrez landutako absidea hunkigarriak dira.

 

12.00etan - Errege-erregina katolikoen hilobia

Errege-kapera  katedralari atxikita dago eta horixe da, hain zuzen, Errege-erregina katolikoak lurperatuta dauden tokia. Leku horretan atseden hartu nahi izan zuten, izan ere, beren konkista neketsuena sinbolizatzen baitu: arabiarrak Granadako Erresumatik kanporatzea. 

Hor ere, gainera, Joana Eroa erreginaren eta Felipe I.a Ederra erregearen gorpuzkiak daude. Harriz zizelkatutako bertako mausoleoak izan zuten boterearen sinbolismoaz josita daude. Horien azpian, hilkutxak dauden kripta bat dago, apaindura gutxiko toki txiki batean. 

Sakristia ere bisitatu behar dugu, Errege-erregina katolikoek bizirik zeudenean utzi zuten ondare garrantzitsuaren piezak biltzen diren museo bilakatu dena. Eskola flandestar, espainiar eta italiarren pintura bilduma garrantzitsu bat nabarmentzen da. Beren boterea sinbolizatzeko eraman zuten koroa ere ikus dezakegu. Pieza hori, egun ere, benetan hunkigarria da benetan. Ikusgarria da.

 

Lehen arratsaldea 

14.30ean - Bazkari galanta

Katedralarekin eta bertako altxor guztiekin goiza pasa da. Orain, erregeek bezala jatea merezi dugu. Katedralaren inguruetan hiriko jatetxe onenetako batzuk topatuko ditugu. Arrain eta itsaskiz jositako banketea egiteko, Cunini  jatetxea da gure aukerarik onena. Katedralaren aurrealdearen ehun metro baino gutxiagora dago, Plaza de la Pescadería enparantzan. Paz kaletik iritsiko gara bertara. Granadako tradizio handieneko jatetxe bat da (duela 50 urte baino gehiago dago zabalik), eta bertan olagarro frijitua edo lágrimas de Boabdil delakoak dastatzeko aukera izango dugu. 

Beste aukera bat, hortxe bertan, Restaurante Sevilla jatetxea da, errege-kaperara sartzeko plazan berean dagoena. Federico García Lorcak eta beste zenbait pertsonaia ospetsuk gogokoen zituzten jatetxeetako bat da.

 

16.30ean - Erosketak Alcaiceríatik eta lasaitasuna San Jerónimo monasterioan

Orain, bidaiatzen dugunean, bi jarduera zoragarri konbina ditzakegu bazkalostean: kultura eta erosketak. Lehenik eta behin, hiriaren iragan mudejarra pixka bat ezagutuko dugu. Dena dela, modu dibertigarrian egingo dugu. Ez dugu monumenturik bistatuko, aitzitik, Alcaiceríako dendetan barna joateko aprobetxatuko dugu. Errege-kaperatik oso gertu dagoen kale baten izena da, eta bertara Oficios kaletik bi minututan iritsiko gara. 

Antzina arabiar eta kristauen artean oso bazar ospetsua zena, egun kale estuen multzo bat da, artisautza eta zeramika saltzeko postu anitzekin. Giro lasaigarria arnasten dela hautemango dugu; intsentsuaren usainak blaitzen du gune hori. 

Pixka bat gehiago ibiliko gara kaleetan zehar, denden artean ikusmiran, merkatariekin hizketan eta, tratuan aritzea gustuko badugu, ongi pasatuko dugu segur aski. Trebeak izan behar gara gero! Kalearen izen bera duen denda tokiko artisau-aukera handiagatik da famatua, besteak beste, Fajalauza izeneko zeramika pintatuagatik. 

Gauza gehiago ikusteko gogoa izanez gero,  San Jerónimo monasteriora joan gaitezke. Katedraletik iritsiko gara, San Jerónimo kalea zeharkatuz. Bertan, gainera, elizaren urre koloreko klaustroa eta laranjondoz jositako patioa begiztatzeaz gain, giroak begiraldi bat egitera gonbidatzen gaitu.Erabateko isiltasuna dago. 

Ondoren, dendan, bertan bizi diren monjek egindako artisau produktuak erosi ahal izango ditugu. Ostera, monjak ezin izango ditugu ikusi (klausurako monjak dira), baina zortea izanez gero, kantatzen entzungo ditugu.

 

19.00etan - Tapak granadar erara

Alcaicería atzean utzi eta xarma handiko ohitura bat ezagutuko dugu, zeinaz granadarrak harro sentitzen diren: kañak eta tapak hartzea. Gran Vía de Colón kaletik joango gara, goiza hasi dugun tokitik, eta Almireceros kaletik jarraituko dugu, eta bi kalearte zeharkatu ondoren, Elvira kalera iritsiko gara, tapak hartzeko taberna ugari dauden kale ospetsura. Ez gaitezken, dena dela, gure poltsikoaz kezkatu, izan ere, Granadan, garagardo edo edari batekin batera, doakoa den tapa bat zerbitzatzen baita, baina horrek ez du esan nahi edariak prezio handiegia duenik.

 Tabernariek tapa desberdina ematen dute zerbait hartzen dugun aldi bakoitzean, edo guk geuk aukera ditzakegu kartatik. Zer edo zer gehiago eska al daiteke?

Castañeda upategietan tapak hartzen has gaitezke, Elvira kaleko 5. zenbakian, bertan ematen dituzten tapa on eta bikainengatik famatuak direnetan. Ondoko kazola nabarmen daiteke: izokina gazta deseginarekin. Hemendik aurrera, egokiena tabernaz taberna ibiltzea izango da, tapa guzti-guztiak dastatzeko.

 

23.00etan - Granada 10, diskoteka bilakatutako zinema

Granadako ohiko tapak afaldu ostean, lehenengo kopa lasai-lasai har dezakegu Bohemia Jazz Café (Santa Teresa, 17) lokalean jazz ezin hobea entzuten dugun bitartean. Lasai egoteko eta gauaren plangintza egiteko tokia. Beste aukera bat El Harén de Arquímedes (Sol, 13) izan daiteke, musika biziagoan kopa bat hartzeko lekua.

Gaua luzatzeko hiriko diskoteka famatuenera joan gaitezke. Granada 10 du izena, 40. hamarkadan eraikitako eragin klasikoko zinema zena, eta egun dantzatoki erakusgarri bat dena. Diskoteka Cárcel Baja kalean dago, Elvira eta Gran Vía de Colón kaleen artean. 

Granadan musika alternatiboko giro handia ere badago; hortaz, musika mota hori gustuko badugu, Ruido Rosara joan besterik ez dugu; bertan pop eta rock onena entzungo dugu, Sol kaleko 10. zenbakian. 

Beste aukera bat Kapital (Gracia plaza) aretoa da, non giro desberdinez goza ahal izango dugun. Batean nazio eta nazioarteko musika komertziala jartzen dute, house eta dance ukitu suabeekin, baina nekatzen ez duen musika izanik. Beste areto batean musika espainiar eta latinoa entzun daiteke. Gustu guztietarako musika proposamenak.

 

Bigarren goiza


09.00etan - La Alhambra eta Generalife lorategiak

Goizean goiz jaikitzea gustuko ez badugu ere, ahalegin txiki bat egin beharko dugu Alhambra  zoragarria eta bertako inguruak ezagutu nahi baditugu. Bestela, ilara luzeak topatuko ditugu, izan ere, bisita bakoitzean pertsona kopuru jakin bat sar daiteke, sasoiaren arabera. Hala ere, bidaia aurretiaz planeatzen badugu, Internet bidez erosi ahal izango ditugu sarrerak.

Autobusez iristea erraza da, Isabel la Católica plazatik irteten diren 30 eta 32 lineen bidez. Barruan gaudela, gorte nazari eta erregearentzat eraikitako lurreko paradisu honetaz gozatu besterik ez dugu. 

Alhambra izenaren jatorria "gaztelu gorri edo bermiloia" esan nahi duen arabiar hitzetik dator. Hasieran militar xedeetarako eraiki zen Alhambra, alkazaba (gotorlekua), alkazarra (jauregia) eta medina (hiria) txikia zen aldi berean. Izaera hirukoitz horrek monumentuaren ezaugarri anitzak ulertzen laguntzen digu. 

Alhambra erregeen egoitza gisa definitzen duen lehenengo erreferentzia XIII. mendekoa da, baina gotorlekua IX. mendekoa da. Errege-erregina ziriak izan ziren, ia segur aski, 1238an Alhambra eraikitzen hastea agindu zuten emirrak. Alhambra, dena dela, gorte kristau bilakatu zen 1492an Errege-erregina katolikoen Granada konkistatu zutenean. Karlos V. enperadoreak, Granadan zenbait hilabete eman zituena, bere izena duen Jauregia eraikitzen hasi zen, eta eraikinen barnealdean zenbait berrikuntza egin zituen.


Lehenbizikoz bisitatzen dugunean garai hartan hori guztia nola eraiki ote zezaketen galdetzen diogu gure buruari. Pareta eta patioetan nahiz iturrietan ikusten ditugun xehetasun bakoitzarekin txundituta geratzen gara. Kontatzen duten bezain harrigarria da benetan.

 

13.00etan - Albaicín

Gure ibilbidea jarraituko dugu dudarik gabe xarma handieneko auzo granadarra ezagutzeko. El Albaicín  auzoa Alhambraren oinetan kokatzen da, eta Gomérez aldapa jaistean iritsiko gara bertara, paseo atsegin bat eginez. Behin bertan, jasmin usaina darien kalezulo zuri estuetan barrena gal gaitezke. Auzoa aldapaz beteriko eremu batean dagoenez, Calderería Nueva kaleko teteria batean atseden har dezakegu, eta pasteltxo arabiarren bat ere dastatu.

Indarberriturik, eta San Juan de los Reyes kale estua jarraituz, Chapiz aldaparaino helduko gara. Bertam Granadako carmen publiko eskasetako bat aurkituko dugu. Carmen delakoak finka pribatuak dira, barne lorategi bat dutenak, non bizilagunek lasaitasunaz gozatu ahal izango duten. Carmen de la Victoria izenekora iritsi gara, publikoa da, Granadako unibertsitateari dagokiolako. Nahi beste denbora izango dugu bisitatzeko. 

Baina Albaicín auzoan egonik, bidaiariek nahitaez San Nicolás begiratokiraino igo behar dute. Bertatik Alhambrako eta hiriko ikuspegi panoramiko onenaz gozatu ahal izango dugu. Begiratoki hori zoru harriztatuko plaza txiki bat da, San Nicolás eliza atzean duena. Hortik, Alhambra eta Albaicín auzoaz gain, Sierra Nevadako tontorrak (hondoan, ezkerraldean) eta Granadako ia Vega osoa begiztatu ahal izango dugu. 

 

Bigarren arratsaldea 

15.00etan - Bazkaria monumentuak bistaratzen ditugun bitartean

Aldapa pixka bat igoz eta San Agustín bidetik ezkerrera biratuz, carmen horietako batekin egingo dugu topo, egun Las Tomasas jatetxea denarekin. Bertako terrazan eseriko gara, Alhambrarako ikuspegi gozatu eta bezeroentzako tratu eta zerbitzu bikainaz gozatzeko. Ahate-tartarra are eta zaporetsuagoa da eszenatoki honetan. 

Alhambrarako ikuspegiak dituen beste aukera bat  San Nicolás jatetxea da, izen bereko kalean kokatzen dena; bertara iristeko, San Agustín bidea zeharkatu Tomasas aldapatik jarraituko dugu. Bertako sukaldean prestatzen duten sukaldaritza eklektikoa dastamenerako gutizia da, eta abangoardia eta Andaluziako tradizioa konbinatzen ditu.

 

17.00etan- Sacromante, xarma handiko auzoa

Metro karratuko xarma handieneko auzoan emango diogu amaiera ibilaldiari. Oso erraza da iristea. Chapiz aldapan, lehen egon garen lekuan, Albaicín amaitu eta  Sacromonte hasten da, Abadía errepidea jarraituz. Auzo hori oso ezaguna da mendiari atxikitako eta koba moduko etxeengatik. Izan ere, etxe-kobak deitu ohi zaie. Horretan barrena, bulería eta saeten soinuak txundituko gaitu. 

Arratsaldero zambrak egiten dira: bertako lagunak bildu et barrunbeko flamenkoa ateratzen dute. Ikuskizun espontaneo bat da, sentimenduz betea. Eta agian Sacromonteko ijito famatuena den Curro Albaicínekin egingo dugu topo. Curro auzo horren alde eman du bizitza eta atsegin handiz eskainiko digu laguntza.


Gaztelaniazko beste esaera batek hala dio: "Al sol le da pereza esconderse en Granada". Dena den, iluntzean Sacromontetik Alhambra eta Granadarako ikuspegia magikoa da.

 

Zarena zarela ere, badugu zuretzako plan bat

Sofistikatuentzat:

Granadako gastronomia abangoardistena El Botánico jatetxe minimalistan aurkituko dugu, non paretetan erakusketaren bat ikusteko aukera izango dugun. Málaga kaleko 3. zenbakian dago.

 

Lasaitasunaz gozatu:

Hiriaren erdian Aljibe de San Miguel oasiarekin egingo dugu topo, mendebaldeko lagunentzako bainu arabiarren tradizioa berreskuratu duten lekua. Tarte batez adimenak atseden hartuko du bertan, San Miguel Alto kaleko 41. zenbakian.

 

Abentura-zaleenentzat: 

Granadarako bisita amaitzeko, ba al dago hegazkin txikiz edo globo aerostatikoz hiriaren gainetik hegal egitea baino aukera hoberik? Hiria begiztatzeko ikuspegi berri bat da, gutxik ezagutzen dutena: www.dimensionaerea.com

 

Lagunentzat:

Lehen, Granada 10, diskotekaz aritu gara; baina dantzatoki bat izatez gain, arratsaldetan egile-film independenteak ematen dituen zinema bilakatzen da. Gutxi balitz, sofa erosoetan eserita filma ikusi dezakegu, zerbait hartzen dugun bitartean, barra irekita baitago.


Familientzat:

Duela gutxi, hiriak Parque de las Ciencias de Andalucía parkea estreinatu zuen: Sierra Nevadako tontor zuriak antzeratzen dituen eraikin ikaragarria; bertan, haurrek ongi pasatu eta asko ikasiko dute.

 

Esker onak:  © TURISMO ANDALUZ, SA