Repsol

Erregeen hiriburua


Leonek badu iragan historiko inbidiagarria. Hala ere, azken urteotan modernotasunerako eraldaketa izan du. Apostu sendo honek areagotzen du hiriko arima, bisitariari gune zoragarri hauek eskainiz: katedrala, San Isidoro Errege Kolegiata, San Marcos Ostatua edo Barrio Húmedoko giro paregabea.

Lehenengo goiza 

09.00 Hankak berotzeko paseoa 

Goiz goizetik hiria ezagutzen hasten gara, Gazteluko Atean, Espolón plazara irekitzen den sarreran. Alde zaharreko iparraldean dago eta Leonera sartzeko gordetzen den Erdi Aroko ate bakarra da. Kartzelaren Arkua bezala ere ezaguna da. Zergatik? Atearen eskuinaldean ikus daitezkeen bi eraikinengatik, alegia, Gartzela Zaharra eta Descalzos eliza, egun Probintziako Artxibategi Historikoa osatzen dutenak (Plaza Puerta Castillo z/g, tel.: 987 244 010). Artxibategirako sarrera doakoa da. Horra sartzeko, Gazteluko Atea zeharkatu, eskuinerantz jo eta 20 metro baino ez da igaro behar. 

Berriro zeharkatzen dugu Gazteluko Atea, eskuinean dagoen Carreras kalea hartzeko. Cubos etorbideko izkina hartu eta gure aurrean antzinako harresi erromatarren dorreak altxatzen dira, I. eta IV. mendeen artean eraikiak, hiriko jatorriaren oroigarririk onenak. Legio VI.a Victrix zelakoaren kanpamenduak sortu zuen Leon, baina geroago haren lekua Legio VII.a Geminak hartu zuen. Harresi hauen sendotasuna ikusita, ingeniari militar erromatar haien maila harrigarriaz ohar gaitezke. 

Etorbideko paseo lasaiak eramango gaitu, ia konturatu gabe, katedraleko atzeko aldera; bertan, arkitektura gotikoaren xehetasunak nabarmentzen dira. Baina hobe dugu eskuinerantz jotzea, Plaza de Reglaraino, bertan eraikinaren ikuspegi paregabea izango baitugu. 

10.00 Pulchra leoninak ez du hutsik egiten 

Gure aurrean, zelaigunearen buruan,  Santa Maria Katedrala dago, arte gotikoaren mirarietako bat. Hura ikustean Done Jakue bidean nahitaezko geldiunea egiten zuten erromesek indarra berreskuratu eta pozez betetzen ziren. XIII. mendean hasi zen eraikitzen, aurreko eraikinen gainean, hala nola errege jauregiaren soinean. Ordoño II.ak eman egin zuen Jainkoaren laguntza eskertzearren, San Esteban de Gormaz herrian musulmanen aurka izandako garaipena zela eta. Aurrealdea ikusteko momenturik egokiena goiza da, eguzkiaren lehen izpiek erdiko arrosa-leihoa eta bi dorreak, 65 eta 68 metrokoak, argitzen dituztenean. 

Barrualdean, isilean geratu besterik ez dugu, eragin frantseseko beirategi polikromatuen 1.800 metro karratuen handitasunaren aurrean. Erdi Aroan, tamaina handiko liburu irudidunak balira bezala erabiltzen ziren; kontuan izan behar dugu, bada, garai hartako bizilagun gehienek ez zekitela irakurtzen. Era berean, ezin dugu galdu El sueño de la luz (tel.: 638 479 419): 14 metroko alturako plataforma, bertan beirategien xehetasunak ikusteko, kokapen paregabe batetik. Bisita gidatuak ordu erdi irauten du. Telefonoz deitu behar da sarrera erreserbatzeko, segurtasuna dela eta, txanda bakoitzean soilik 25 pertsonak egin baitezakete 64 eskaloietatik gora plataformara iristeko. 

Ez gara katedraletik joango satorraren kondairari merezitako arreta eman gabe. San Juan Atearen gainean, elizara sartzeko dauden hiru ate nagusien ezkerraldean ikus dezakegu animalia hilaren larrua dirudien zerbait. Harrituta, ezta? Leondarrek kontatzen dutenez, sator erraldoia gordelekutik ateratzen zen gauero eta katedraleko harginek eta eskulangileek egunez egiten zuten lana suntsitzen zuen; horregatik luze jo zuen katedrala amaitu arte. Azkenean, langileek harrapatu eta haren larrua jarri zuten atearen gainean, irakasbidea izan zedin. Egia da katedrala eraikitzeko lanak gogorrak, luzeak eta neketsuak izan zirela: oinarri txarrak, lurrikaren kalteak, suteak, pitzadurak... Azkenean zientziak zehaztu zuen satorra, egia esan, dortoka baten oskola zela; inork ez daki, baina, nola heldu zen katedraleraino. 

13.00 Gosea piztuz Barrio Húmedoan zehar 

Plaza de la Reglatik, Mariano Domínguez Berrueta kalea hartuko dugu; plazako ezkerretik hasten da. Bide nagusi honek Plaza Mayorrera eramango gaitu, 10 minutu eskaseko ibilbide batez. Presarik izan ezean (Leonen kontseilari txarra da) aldi baterako desbideratu egin gaitezke. Kale estu eta zaratatsuetatik ibiliko gara, La Paloma, Cardiles, Platerías edo La Plegaria izeneko kale atsegin eta biziak. Plaza tradiziozko estetikari egokitzen zaio, euriaz babesteko karrerapeak dituzten eraikinez hornitua. Plazan udaletxe zaharreko aurrealde barrokoa ikus daiteke. Asteazken zein larunbatean ailegatzen bagara, plaza betetzen duten merkatuko saltokiek giro handiko leku batean gaudela jakinaraziko digute: Barrio Húmedo auzunean gaude. 

Auzune hau hiriko pintxo-gune nagusia da. Antza, izena bera taberna, ardotegi, jatetxe eta ondo jateko eta hobeto edateko lekuek jarri zioten. Hemen galdu ohi dira leondarrak eta bisitariak, lurraldeko ardo oneko txikitoak hartzen, konbinaketa posible guztietako pintxo goxoen aukera anitzak lagun. Berez, leku honetan duela bi mila urte errito bera gauzatzen zen: hemen errotu ziren merkatariak, salerosleak eta erromatar legioen atzetik zetorren edozein lanbideko jendea. 

Plaza Mayorreko hegoaldean, Santa Cruz kalearen hasieran, eskuinaldean ezkutatuta, Matasietes zeritzonaren etxe apala dago; handik igaroko dugu. Ez gaitezen engaina; dirudienez, 1330. urtean, Juan Manuel infantearen aldekoek, Joroba osabaren tabernan nahiko katututa, Alfonso XI. erregeren aldekoekin liskarra izan zuten. Su eta gar ibili ziren eta topaketaren ondorioek izena eman zioten kaleari. 

Matasietes Barrio Húmedo auzunearen bihotzean amaitzen da: San Martín plazan. Hemen aukera ugari dago, beraz bi ditugu: bertako bati galdetzea edo gure senari eta goseari jarraitzea. Plazan bertan La Bicha dago (tel.: 987 256 518), odolki pintxo bat eskatzeko lekurik onena, eta El Rebote, ospetsua kroketengatik. Plaza aurrean bertan, Carnicerías kalea hasten da; hortxe dago La Gitana, lurraldeko hestebeteak dastatzeko. Eta 200 metro inguru ibili ostean, plazatik ezkerralderantz, Castañones kalera helduko gara. 2. zenbakian, El Garbanzo Negro dago (tel.: 659 014 844), garbantzu tapa ikusgarriekin. 

Eroso esertzea nahiago izanez gero, eta leku bakar batean otordua egin, La Bodega Regia aukera ona da. Regidores kalean dago, 9-11 zenbakian. Horra heltzeko San Martín plazatik Azabachería kalea hartuko dugu, gero eskuinera jo, Conde Luna plazatik, eta aipatutako kalera sartuko gara. Hamar-hamabost minutuko paseoa da, XVI. mendeko eraikin batera iritsi arte; bertan, usakume gisatuak edo Bierzoko piperrak dasta ditzakegu.

Lehenengo arratsaldea 

16.00 Goazen "al Grano"ra 

Bazkalostean, atzera egingo dugu, San Martín plazaraino. Hemen kafetxo bat har dezakegu, hurrengo jomuga erabakitzen dugun bitartean. Plaza del Grano da, oinez Zapaterías eta Fernández Cadórniga kaletik hiru minutura. Hemen laboreen merkatua zegoen; hortik datorkio izena. Hemen ere pisu neurri ofizialak jakinarazi eta udal aginduak iragartzen ziren. 

Bere garaian, plaza harriztatu hau Done Jakue bidea egiten zuten erromesen lehenengo geldialdia izaten zen. Erromesak hirira sartzen ziren Puerta de la Monedatik, plazako hegoaldean hasten den kale bati izena ematen zion horretatik, alegia. Zoruan bertan ikus dezakegu ate zaharraren silueta daukan plaka bat. 

17.30 San Isidororako bidean 

Erdi Aroko hiriaren mugak atzean utziko ditugu erdigune historikora itzultzeko, zonalde ia erabat oinezkoa. Ibilbideak ez da hamar minutu baino luzeagoa izango. La Rúa kaletik aterako gara, Plaza del Granoko iparraldetik, Ancha kalera heldu arte, Leongo kalerik famatuena eta zaharrena; izan ere, berez antzinako bide erromatar baten ibilbideari jarraitzen baitio, Bernesga ibaitik Legio VII. Geminaren kanpamenturaino. Geldiunetxo bat egingo dugu Merino Botikan sartzeko (Ancha kalea, 3; Tel.: 987 254 227). Une batez, fundatu zen urtean, 1827an, denbora gelditu dela pentsatuko dugu: erakusleihoan haitzurdinezko apaindurak, intxaurrondozko apalak, estilo mudejarreko sabaiko kasetoidura... Eta lanean jarraitzen du mende eta erdi igaro bada ere. 

Ancha kaleko beste aldean Cid kalea dago gure zain, jada Barrio Romántico auzunean. Honen amaieran, beste eraikin zoragarri bat aurkituko dugu: San Isidoro Errege Kolegiata, XIII. mendekoa. 10etatik 13.30era, eta 16etatik 18.30era dago zabalik, igande eta jaiegunetan goizez bakarrik. Uztaila eta abuztuan ordu bete gehiago dago zabalik. 

Inolaz ere ez dugu galduko Leongo lehenengo erregeen panteoia. Sabaiari begiratzen badiogu, aho zabalik geratuko gara. Gure begien aurrean fresko ikusgarriak izango ditugu, margoz eta indarrez beteak, Bibliako eta garaiko eguneroko bizitzaren pasarteak irudikatuz. Erromanikoaren Kapela Sixtinoa esaten zaie, arrazoi osoz. 

19.00 Gaudíri bisitan 

Irten eta gero, eskuinera joango gara, Ramón y Cajal kaletik, Santo Domingo plazarantz, 400 metrora. Han gaudela, gure arreta erakarriko dute bi eraikin bereziek. Bata   Casa de Botines da, XIX. mendean ehungileen enpresa garrantzitsu batek Antoni Gaudí bikainari egin zion enkargua. Hurbil dagoen Astorgatik zebilen Sagrada Familiaren sortzailea, Apezpikuaren Jauregia atontzen, eta horregatik onartu zuen proiektua. Kareharrizko kanpoalde modernista erakargarrian, San Jorge herensugearen gainean garaile ageri da, Gaudík bere sorterri katalanari egin zion omenaldia. Beheko solairuan, banketxe baten sukurtsalaz gain, egun Sala Cultural de la Obra Social de Caja España aretoa dago (tel.: 987 292 712).

 Beste eraikina Palacio de los Guzmanes da, Ahaldundiaren egoitza, errenazimenduko estiloarekin. Casa Botines bezala, sarrera Plaza de San Marcelon dago, Santo Domingo ondoan. Barneko patioko zutabedia zoragarria da. 

20.30 Gau-emanaldi alai batekin esango diogu agur egunari

Egun beteari agur egiteko ordua heldu da. Varillas kalera itzultzea izango da onena, Ancha kalea gurutzatu eta aurrez aurre hasten den kalea hartzea. Cervantes kalea da, gaueko giro ederra daukan zonaldea. Gau bizia nahiago badugu, aukerarik onena Gran Café da (Cervantes 9, tel.: 987 272 301), zortea izanez gero ikuskizunen bat egon daiteke, musikaz zuzenean gozatzeko. La Céltica garagardotegia (aurrean, tel.: 987 230 774) Leongo gaueko beste klasikoa da. Eta ezinbestekoa da, “gabon” moduan, Plaza de Reglatik paseo bat ematea, Katedraleko fatxada argitua miresteko.

Bigarrren goiza 

10.00 Modernotasunerako Atea 

Bigarren egun honetan Leongo aurpegirik modernoena ezagutzeari ekingo diogu. Hiriko zirri gehien duen zonaldea bisitatuko dugu, Eras de Renueva auzunea, Bernesga ibaiko erriberaren ondoan. Ardatz nagusia Reyes Leoneses etorbidea da. Hasteko Museo de Arte Contemporáneo de Castilla y León (MUSAC) museoari egingo diogu bisita bat (Reyes Leoneses etorbidea, 24, tel.: 987 090 000). Arreta deitzen digun lehena aurrealde koloreduna, zirraragarria eta orijinala da; Luís Mansilla eta Emilio Tuñón arkitektoek katedraleko beirategiei egin zieten omenaldia. Sarrera doakoa da eta erakusketa ederrak izan ohi ditu, XXI. mendeko abangoardiak iragartzen. 

11.00 XXI. mendeko Arkitektura

Reyes Católicos etorbidetik aurrera ekinez, erdigunerako norabidean, ohartuko gara Leonek arkitekturaren alde egin duen apostuaz: nortasun modernoaren marka. Kilometro bateko paseo atsegina da, etorbide zabal eta lasai batean. Auditorio dotorea nabarmentzen da (Reyes Leoneses etorbidea, 4, tel.: 987 244 663); Mansilla eta Tuñónen lana da baita ere, trabertino erromatarren leiho zabalekin, zuri orbaingabean, edo Ente Regional de la Energía erakundeko egoitza (11. zenbakian). Edificio de Usos Múltiples eraikina, Gaztela eta Leongo Juntako egoitza administratiboa, Peregrinos etorbidean dago. Eta, ia konturatu gabe, San Marcos plazara helduko gara. 

12.00 Ongi etorriak izango garen lekua 

Gune argitsu hau San Marcos ostatuko sarrera da (San Marcos plaza, 7, tel.: 987 237 300). Arkitektura platereskoaren maisu-lan baten aurrean gaude, adore sentsazio sakona ematen duena. Monasterioa, komentua eta Done Jakue bideko zailtasunei aurre egiten zieten erromesentzako ospitalea eta ostatua izan zen; baita presondegia ere. Francisco de Quevedo izan zen hango preso ospetsuena. Atxilotuta egon zen 1641eko abendutik 1643ko ekainera arte. Egun, paradore nazional erosoa da. 

13.00 Atsedena parkean 

Bide batez Bernesga ibaia zeharkatuko dugu, San Marcoseko oinezkoentzako zubitik. Beste aldean Quevedo parkea dago, leondarren parke kutuna. Ur-hegazti askeak bizi diren aintzira dauka, lorategi botaniko txikia, umeen jolasteko lekua... agian alde batera jo behar dugu gainera, errege indioilarrari bidea ematearren.

Bigarren arratsaldea 

14.00 Geldiunea eta ostatua 

San Marcos Paradoretik hain hurbil egonda, akats handia egingo genuke Rey Don Sancho jatetxeko karta bikaina dastatuko ez bagenu (tel.: 987 237 300). Beste aukera atzera egitea da, Reyes Leoneses etorbidetik, gero Alcalde Pérez de Lima kaletik eskuinerantz jo eta Las Campanillas kalera heldu arte. 1. zenbakian Cocinandos jatetxea dago (tel.: 987 071 378). Bertan, Juanjo eta Yolanda sukaldari gazteek menuan -bospasei egunetan aldatzen dute- Juan Mari Arzak maisu handiaren irakasgaiak ondo ikasi dituztela konturatuko gara. 

16.00 Topaketa ibaian 

Berriz ere San Marcos plazan, erdigunera itzultzeko ibilbidea hautatuko dugu. Bide zuzenak Gran Vía de San Marcos kale dotoretik eramango gaitu, Santo Domingo eta Marcelo plazetaraino. Kilometro bateko ibilaldi zuzen-zuzena da. 

Denbora gehiago izanez gero, Bernesga ibaian zehar joan gaitezke, Paseo de la Condesa de Sagastatik, ibilbide oso atsegina baita. Pasealeku arboladun hau, Papalaguindakoarekin batera, urte askotan (eta oraindik bada) maiteminduen bikoteentzako eszenatoki egokia izan zen. Gainera, Bernesga ibaia zeharkatu ahal izango dugu San Marcoseko oinezkoentzako zubitik, ibaiaren aldetik ezkerrerantz ibili, Paseo de Salamancatik eta Palencia etorbideko zubitik berriro zeharka daiteke ibaia. Bide batetik zein bestetik, Glorieta de Guzmán el Buenon amaituko dugu. Bertan leondar famatuaren estatua dago, Tarifa defendatzen ari zela bere semea sakrifikatu zuen zaldunarena. 

17.30 - Hiriko arima 

Guzmán el Buenotik, Ordoño II.aren etorbidea hartuko dugu, Leongo bizitza komertzialaren ardatza; besteak beste, arropa, osagarri, elektronika, altzari eta gozogintzarik onena duten dendek osatzen dute kale hau. Hauxe da hiria gorengo momentuan dagoela erakusten duen lekua. Baina hiriari agur esateko momentua heldu zaigu. Hamar minutu beranduago berriro egongo gara Ancha kalean, Leongo giroa dagoen kale nagusian. Oraintxe da unea historia eta jende abegikorraz beteriko kaleetan galtzeko.

Zarena zarela ere, badugu zuretzako plan bat

Sofistikatuentzat: 

Onena hiriko establezimendurik puntakoenean ostatu hartzea da: Hostal San Marcoseko Paradorea (San Marcos plaza, 7, tel.: 987 237 300). Ez baita egunero benetako monumentu batean lo egiten. Hori bai, gure egonaldia soilik erosotasunaren sinonimoa da. 

Erlaxatuz gozatu: Leon hiri moderno eta kosmopolita da, bertan paseo lasaiak eta Balneapoliserako bisitak nahas ditzakegu (Modesto Lafuente 3). Hiriko spa bat da, zure gorputza eta gogoa indarberritzeko azken tratamenduak eskaintzen dituena. 

Abenturazaleentzat Adore handikoa izan behar da parapente bezalako esperientzia ausarta (baina era berean pizgarriari) bizitzeko; Leongo geografiari hoberen egokitzen zaion aisialdi aktiboko ekintza da. Parapente Ciconiak (Víctor de los Ríos 31) baditu jaurtitze guneak La Vecilla eta Rodiezmon. 

Lagunentzat

Ba al dago zerbait hoberik, lagunekin elkartu eta Fernando Alonso imitatzea baino? Arbolio Aventurak (tel.: 650 084 446) taldeentzako lehiaketak antolatzen ditu, garaikurrak eta guzti, Indoor Kart León zirkuituan (tel.: 615 191 086). Santa Olaja de la Riberako zirkuitu estalia da, Leonetik bi kilometrora baino gutxiago, segurtasun eta adrenalina askatzeko berme guztiekin. 

Familientzat

Aisialdi egunaz gozatzeko, ez dago Museo de la Fauna Salvaje baino hobeagorik (tel.: 987 735 381), Valdehuesa Boñarren, Leongo iparraldean, 55 km-ra. Autoan ordubete baino pixka bat gehiagoan, Europako Mendien lehenengo aldapetan izango gara, Pomarreko urtegiaren ondoan. Parkeak zoologiko txikia dauka, animalia askeekin (hegaztiak, oreinak, basurdeak, otsoak…) eta museoan mundu osoko ekosistemak erakusten dituzten dioramak ikus daitezke.