Kosmopolita, bisitatu beharrekoa, monumentuz josia, dibertigarria, tradizionala, modernoa; Madril hori eta askoz gehiago da. Horrexegatik da bidaiari guztiek bisitatu beharreko hiria. 48 ordu ez dira nahikoa izango hiria oso-osorik ezagutzeko, baina bai eztia dastatu eta itzultzeko gogoz gelditzeko.
Lehenengo goiza
10:00 - Artea nagusi: Artearen Triangelua
Madrilgo artea barietate, kantitate eta kalitate handikoa da, eta bertan 48 ordu besterik emango ez badugu ere, ezin dugu Madrildik joan munduko museorik onenetakoren bat ikusi gabe.
Madrilera eginiko bisita Artearen Triangelura joanda has dezakegu
(Reina Sofía
, Prado
eta Thyssen
). Guztiak bisitatzea ezinezkoa denez, Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía museoan jarriko dugu arreta hasierako bisitaldi honetan .
Museo honetan dena da zoragarria, baina gogoan izan behar dugu, gutxienez, bigarren solairua ikusi behar dugula. Bertan aurkituko dugu Picassoren Gernika, baita Daliren koadroen bilduma ederra ere.
Eta buruan hainbat irudi dugula ateratzen bagara ere, gogoan izan behar dugu kristalezko igogailu ikaragarriak eta eraikina bera begiestea, hain zuzen, José de Hermosilla eta Francesco Sabatini arkitektoek egindako lana .
12:00 - Barrio de las Letras auzoan barrena
Reina Sofía museoa bisitatu ostean, ideia ona litzateke Barrio de Las Letras
auzoan galtzea (handik bost bat minutura) eta Madrilgo aire intelektual eta literarioa arnastea. Auzo horretako kaleetan bizi izan ziren Espainiako Urrezko Mendeko hainbat pertsona ezagun, hala nola, Quevedo, Góngora edota Lope de Vega. Garai hartako komedia-antzoki ugari ere auzo horretan zeuden; hala ere, antzoki horien oroitzapenak baino ez ditugu gaur egun. Museoaren zati handi bat ikusi badugu eta arnasa hartzeko beharra badugu, Santa Ana plazako terrazaren batean eser gaitezke; izan ere, bertatik ikusten da Teatro Español
antzokiaren aurrealdea (komedia-antzoki zaharrenetako bat).
Beste aukera bat Huertas
kalean garagardotxo bat hartzea litzateke. XVI. mendera arte baratzeak zeudelako du izen hori. Kale horretan, lurrera begira joan beharko dugu, bestela, kalearen bitxikerietako bat galduko dugu, Cervantes eta Calderón de la Barcak prosan eta bertsotan idatzitako aipamenez josita baitago galtzada. Hankak gehiegi nekatu ez badira, jarrai dezagun, oraindik asko baitago ikusteko. Kale honetan, hainbat dendarekin egingo dugu topo: denda tradizionalak ez ezik, saltoki abangoardistak ere aurkituko ditugu. Jan aurretik, ongi legoke Atocha kaleko 87. zenbakira gerturatzea. Bertan zegoen Juan de la Cuestaren inprimategia. 1604. urtean, bertan inprimatu zen lehenengo aldiz On Kixote Mantxakoa lanaren lehenengo zatia. Horren erakusgarri da hantxe bertan ikus daitekeen oroitzapenezko plaka bat.
········Lehenengo arratsaldea ·······
14:00 - Kañak eta pintxoak
Denetik eskaintzen duen auzo batean gaudela aprobetxatuta, egokiena leku eroso bat bilatu eta jaten gelditzea litzateke. Pintxoak jan nahi baditugu, Cánovas del Castillo plazan izango dugu horretarako aukera. Estado Puro
tabernan, diseinuzko pintxo tradizional ugari eta ongi ateratako kañak dastatzeko aukera izango dugu.
Aldiz, lasai-lasai eseri eta giro erosoago batez gozatu nahi badugu, La Vaca Verónica
jatetxera (Moratín kalea, 38) joan gaitezke. Bertan, aho zabalik utziko gaituzte plater gozoz betetako karta erakustean, eta batez ere, txahal-arandoiak dastatzean.
Bazkariari azken ukitua emateko, ideia ona litzateke del Ángel plazara joan eta kafe bat hartzea Café Central
kafetegian; leku mitikoa da eta hogei urte baino gehiago daramatzate egunean jazz kontzertu bat ematen. Behin ere ez dute huts egin, eta, gainera, musikariak ere bikainak dira.
Eta hemen gaudela, egin dezagun salto alboan dagoen Atocha kalera eta joan gaitezen Teatro Häagen-Dazs Calderón
antzokia ikustera. Hiriguneko eraikin ederrenetako bat da, 1917. urtean Teatro Odeón izenarekin inauguratua.
16:00 - Bisitatu beharreko bakarlekua
Gelditzen dena ikusteko indarrak bildu ahal izateko, hobe da gauzak patxadaz hartzea eta paseotxo bat ematea El Retiro
parkean. Munduan deabruari eskainitako estatua gutxi daude, eta hain zuzen, bertan ikusi ahal izango dugu horietako bat. Aingeru Eroriaren iturria da, Ricardo Bellver eskultorearen lana. Luzifer paradisutik bota eta infernura kondenatzen duten unea islatzen du irudiak. Lepoaren bueltan suge bat duela ikusten da. 1855. urtekoa da eta Madrilgo erdigunean dagoen berdegune horretan arreta deitzen duten gauzetako bat da.
Parkean paseoan gabiltzala, ezinezkoa izango da eraikin bitxi bati ez erreparatzea, Kristalezko Jauregiari, hain zuzen. 1887. urtean eraiki zuten Filipinetako Uharteen Erakusketa aitzakiatzat hartuta, eta Londresko Crystal Palace jauregian dago "inspiratuta".
Oro har, parkeko lorategiak paregabeak dira haurrekin txotxongiloen obrak ikustera joateko, batela hartu eta urmaelean paseo bat emateko, etab. Izan ere, urmael hori parkeko leku adierazgarrienetako bat da. Lehen, gainera, agertoki bat ere bazegoen urmaelaren erdian, eta, bertan, antzezlan txikiak antzezten zituzten igandeetan eta musika klasikoko kontzertuak ere egiten zituzten.
Parkean bertan, bisitatu beharreko beste pare bat leku ere badaude: bata, Claudio de Moyano kalea, hegoaldeko irteeran eta Prado pasealekuaren alboan dagoena. Hala ere, Moyanoko aldapa izenez ezagutzen da gehiago eta oso ospetsuak dira lorategi botanikoaren burdin hesiaren alboan dauden etxolak. Bertan, liburuak erosteko aukera zabala dago. Bestea, Atochako geltokia; Estatu barruko bidaiak egiten dituen lehenengo tren-geltokia
da. Barruko berotegiak aho zabalik utziko gaitu.
18:00 - Ibilbide peto-petoa
El Retirotik irten ondoren, Antonio Maura kalea hartuko dugu, gero San Jerónimo kalea eta azkenik Plaza Nagusira
abiatuko gara. Bidean, mende batzuk lehenagoko zapore zahar eta jatorrez gozatuko dugu apain-orraziak, karameluzko bioletak eta beste hainbat gauza saltzen dituzten saltoki tradizionalei esker. Plaza Nagusira iristen garenean (igandeetan salmahaiak egoten dira zigiluen eta txanponen bildumak egin dituztenentzat), ezin gara Aiztogileen Arkua ikusi gabe gelditu. Baliteke hura izatea plazako bederatzi ateetako garrantzitsuena. Juan de Villanuevak egina da eta, ate hori igarota, makina bat taberna eta jatetxetara joan gaitezke.
Afaltzeko ordua oraindik iritsi ez bada ere, merezi du 1725. urtean sortutako Sobrino de Botín
jatetxean arreta jartzea. Gastronomia aldetik, kalitate handiko jatetxea da, baina horretaz gain, ospe handikoa da errekorren Guinness Liburuan agertzen delako munduko jatetxerik zaharrena izateagatik… jaten ematen dutenen artetik, noski. Beste aukera bat La Bola
tabernan edo Lhardy
jatetxean eltzeko madrildar bat jatea izango litzateke, bi leku horietan aurkituko baitugu Madrilgo eltzekorik onenetakoa.
Afaldu aurretik, joan gaitezen hainbat aldiz telebistan ikusi dugun Puerta del Sol plaza ospetsura. Argazkilarien jomuga diren bi sinbolorekin egingo dugu topo: Espainiako errepide erradialen 0 kilometroa markatzen duen plakarekin eta Hartzaren eta Gurbitzaren estatuarekin (hiriko armarria).
20:30 - Atsedena La Latina auzoan
Eguna luzea eta probetxugarria izan da eta gainean dugu Madrilgo gaua. Alde zaharrean gaudela aprobetxatuz, gera gaitezen afaltzen La Latina auzoan. Bizitasun handia egoten da asteko zazpi egunetan, eta ikusteko leku asko dagoenez gero, kosta egingo zaigu bat aukeratzea. Nabarmentzekoak dira, esaterako, La Posada de la Villa
(Almendro kalea, 13), El Viajero (Cebada plaza, 11) edota hain ospetsua den eta Repsol Eguzkia jasoa duen Casa Lucio
. Bertako espezialitateak dastatzeko, los Huevos de Lucio duzue.
Denetik jan daiteke: arrautza hautsi edo tripaki tipikoak, txibiazko ogitartekoa eta beste hainbat gauza. Gainera, patrika guztientzako moduko lekua da. Hala ere, gustu zorrotzagoa dutenek eta diru gehiago gastatu nahi dutenek ere izango dute zer aukeratu.
23:30 – Madrilgo Movida madrileña baino zertxobait gehiago
Afalostean, ezin diogu egunari amaiera eman kaña batzuk edan eta Madrilgo gaueko giroaz gozatu gabe. Horretarako ditu aukeran bisitariak El Bonanno
(oso modan dagoena) edo La Corolla
tabernak. Bai batean bai bestean, ardo eta musika onaz goza daiteke.
Eta ohera joateko presarik ez badugu, joan gaitezenBerlín Cabaret-era
; bertan, inolako zalantzarik gabe, mundu guztia dibertituko da umorista, mago eta kabaretariei esker.
Hala ere, giro sofistikatuagoetan ibiltzea nahiago badugu, aski da hirian pixka bat mugitzea. Ordu horietan ez da zirkulazio arazorik izaten, eta beraz, segituan helduko gara, esaterako, Castellana 88
, Fortuny
, El Confidencial, Bisú edota Novísimo lokaletara.
Edozeinetan eman ahal izango diogu amaiera gauari, baina begiratu erlojuari, bihar Madrilgo bisitarekin jarraituko dugu eta.
········Bigarren goiza ·······
09:30 - Presarik gabe
Madrilen emango dugun bigarren eta azken eguna hasiko dugu madrildarrek igande goizetan edo jaiegunetan egin ohi dutena egiten: buelta bat eman Rastro
izeneko merkatuan, hain zuzen ere, Espainiako estalperik gabeko merkaturik handienean.
Makina bat gauza aurkitu ahal izango dugu bertan: oroigarri tipikoak, artisau-lanak, bigarren eskuko arropa, diskoak, erabilitako liburuak, kromoak, zigiluak, altzari zaharrak eta imajina dezakegun beste edozer gauza.
Hobe da unibertso txiki horretara ez sartzea jendetza handiko lekuak gustuko ez baditugu, baina sartzen bagara, ez galtzea eta postu guztiak miatzea komeni da; gainera, bitartean, beti egon ohi diren pertsonaiak ikusiko ditugu, hala nola, barkillo-saltzailea edota haurren artean irribarreak eta globoak banatzen dituen pailazoa.
12:00 – La Castellana: Monumentuak eta beste inon egingo ez ditugun erosketak
Ikusitakoa alde batera utzi eta joan gaitezen Madril “zahar eta estutik” estatuaz beteriko Madril modernora. Izan ere, plaza, eraikin eta jauregien monumentaltasunak zeharo harritzen ditu hiriburura iristen diren guztiak. Baliteke madrildarrak ohitura egotea, baina ez hirira lehenengo aldiz doazenak.
Biblioteka Nazionala
eta bere aurrealde bikaina adibide argia dira, baita alboan dagoen Colón plaza eta plazaren ekialdean dauden Aurkikundearen Lorategiak ere.
La Castellana pasealeku osoa oinez igaroz gero, litekeena da leher eginda amaitzea, baina hiriko ardatz nagusia denez gero, merezi du bisitatxo bat egitea. Eskuinaldean eta ezkerraldean, ministerioak, enbaxadak eta banketxe garrantzitsuenen egoitzak aurkituko ditugu. Horixe da ikono berrien (besteak beste, Picasso dorrea
edo Europa dorrea AZCA enpresagunean) Madril bizia eta enpresaz betetakoa, sorpresa ugari emango dizkiguna.
Horietako bat da Museo de Escultura al Aire Libre museoa (Enrique de la Mata Gorostizaga zubiaren azpian). Bertan, Botero, Chillida eta beste artista garaikide batzuen eskulturak ikus ditzakegu.
Hala ere, monumentuez aspertzeko gogorik ez dutenentzako B plana dugu: Erosketak egitera joatea Madrilgo "Urrezko Miliara". Kale multzo horretan hiriko luxuzko dendak biltzen dira.
La Castellanan egindako paseoaren ostean, Santiago Bernabéu estadiora iritsiko gara. Handik, beste bide bat hartu eta hainbat kaletan barrena ibili ahal izango gara: Serrano, Ortega y Gasset, Príncipe de Vergara, Velázquez, Jorge Juan...
Aurrera joan ahala, tentazio ugarirekin egingo dugu topo: Versace, Dolce&Gabanna, Hermès, Chanel eta beste hainbat denda Ortega y Gasset kalean. Serrano kalean, besteak beste, Loewe, Adolfo Domínguez edo Cartier. Miragarria da bost zentzumenentzat, baina izugarria patrikarentzat.
Bigarren arratsaldea
13:30 - Futbolaren tenplua
Hasi gara gosetzen, beraz, bazkaltzeko lekuren bat bilatu beharko dugu. Eta la Castellanan gaudenez, zergatik ez dugu zerbait ikusgarria eta ezohikoa egiten? Santiago Bernabéu
estadiorantz joan gaitezke estadio barruan dauden bi jatetxeetako batean txerrikumea jatera: el Puerta 57
eta Real Café Bernabéu
. Bien bitartean, Real Madrileko jokalariek zapaltzen duten belargunea eta estadioa ikus dezakegu.
Familia osoarekin joaten bagara, aurretik museora joatea eta haurrak kopekin eta oroigarriekin entretenitzea da onena. Futbola hain gustuko ez dutenek izango dute Concha Espina jatetxean mahairen bat aurkitzeko aukera. Antiguo Cachirulo (Concha Espina, 4) jatetxean, okela txingarretan erreta jateko aukera paregabea izango dugu (Aragoiko erara). Repsol Gidak gomendatzen duen José Luís
(Rafael Salgado, 11) jatetxean, tradizioari jarraitu eta eltzeko madrildarra dastatzeko aukera izango dugu, etxeko espezialitatea da-eta.
16:30 - Kafe ilustratua
Futbola alde batera utzita, Madril ilustratura itzuliko gara. Eta kafea hartzeko ordua denez, metroa Santiago Bernabéun hartu eta Colónen jaitsiko gara. Recoletos pasealekuan agertuko gara eta 21. zenbakia bilatuko dugu. Hantxe dago hiriko kafetegi literario garrantzitsuena: Café Gijón
.
Kafetegi horretan, kulturari buruzko hizketaldiak, hitzaldiak eta eztabaidak egiten zituzten gerraostean, eta 1888. urtetik, letren eta arteen gaina eta bikaina biltzen dira. Arraroa da kafe bat hartzera joan eta aurpegi ezagunen bat ez ikustea. Leku aproposa da egunkaria irakurriz etenaldi bat egin eta gure bidaiako azken etaparako indarrak biltzeko.
18:00 - Erdigune doilorra
Chuecan sartu baino lehen (auzo doilorrena), eman dezagun bueltatxo bat Callao plazaren inguruan. Hiriko lekurik garrantzitsuenetako bat da, baita madrildar askoren topagune ere. Kaleetan zinemak aurkituko ditugu, saltoki handietan eta dendetan erosketak egiten pasatu ahal izango dugu arratsaldea, eta terrazaren batean kafea hartzen ere hartu ahal izango dugu atseden. Hortik bost minutura, Madrilen egin dugun ibilbideari amaiera emango dion lekua aurkituko dugu: Chueca. Madrilgo auzo hori Kale Nagusiaren alboan eta Fuencarral eta Barquillo kaleen artean dago. Askatasun, bizikidetza eta dibertsio espirituagatik da ezaguna. Chueca plaza, Erregearen plaza eta Vázquez de Mella plaza dira bizienak.
Egun osoan, kale horiek jendez gainezka egoten dira, sarritan, kafe bat edo azken kaña hartzen duten bitartean mundua "konpontzen" duten jendez gainezka. Hainbat film grabatu izan dira Chuecako kaleetan. Aipatzekoa da, adibidez, Pedro Almodóvarren Átame, Antonio Banderas protagonista duena. Chueca garrantzi handiko auzoa da. Horren erakusgarri da Espainiako musikako abesti askotan aipatu izana. Madrilen beste aurpegia ezagutuko dugu hor; aski da kaleetan barrena ibiltzea era guztietako erakusleihoak ikusteko. Ausartenek modu surrealistan moztuta eramango dute ilea, baina horretaz gain, gauzak oso merke erosteko, graffitiak ikusteko eta, batez ere, bigarren eskuko arropa prezio ezin hobean erosteko aukera paregabea dago. Horiek guztiak oroigarritzat eramanda, berriz bueltatzeko gogoa pizten da.
Informazio gehiago hemen
.
. Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía museoa.Thyssen-Bornemisza Museoa. Travelodge hotelak: www.travelodge.es
.
Sofistikatuentzat:
Madrilgo Kale Nagusian dagoenHotel Restaurante de las Letras
(Kale Nagusia, 11, Tel.: 91 523 79 80) hotela edo jatetxea baino gehiago da. Eskuz landutako sabaiak eta aurreko mendeko azulejuak dituzten areto dotoreetan, era guztietako aurkezpen distiratsuak eta koktelak egiten dituzte, eta nola ez, Madrilgo jende dotorea joaten da bertara. Kalitatea eta gustu ona nahi duenak ezinbesteko hitzordua du.
·······Lasaitasunez disfrutatu: ······
Zen Place
. Baliko, Japoniako eta Indiako milurtekoko teknikak eta terapia alternatiboak aurkituko ditugu hemen. Leku ezberdina da eta neurriko prezioak dituzte, baina eskaintzen duten kalitatea bikaina da. Asiar estiloko kabinak, argi ahula eta musika lasaia dute, den-dena zentzumenentzako gozagarri eta neuronentzako lasaigarri.
Abentura-zaleenentzat: ·······
Abentura zuhaitzetan. Madrildik 35 kilometrora, Fuenfríako (Cercedilla) errepideko 3,9. kilometroan, zazpi zirkuitutan antolatutako zuhaitz arteko 100 joko baino gehiagoz gozatu ahal izango dugu. Neurrira eta gure egoera fisikoaren arabera diseina dezakegu abentura. Begirale espezializatuak daude gu zaintzeko, eta zuhaitz batetik bestera ondo pasatzen erakutsiko digute.
Lagunentzat:
La Musa Latina
. Txoko hori paregabea da mahaian hasten eta barran bukatzen den gaualdietarako. Altzariak eta karta oso orijinalak dira, eta giroa eta zerbitzua, berriz, txundigarriak. Afaldu goian eta hartu lehenengo kopa behean: bi gauzak batera.
Familientzat:
Warner parkea
. San Martín de la Vega udalerrian dago, Madrildik 29 kilometro hegoaldera, eta sorpresaz beteriko parkea da. Gaika banatutako bost eremu daude. Atrakzioz beteta daude guztiak eta ikuskizun ugari egiten dituzte familia guztiarentzat: Hollywood Boulevard-eko xarma eta Cartoon Village-ko magia daude ikusgai, baita DC Superheroes World eta Warner Bros Studios edota Old West Territory-ko akzioa ere.
Eskerrak: Madrilgo Turismoa. Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía museoa.Thyssen-Bornemisza Museoa.