Repsol

Sevilla, ageri-agerian


Sevilla sentimendua eta tradizioa da. Xarma duen hiri hori, pozaren eta musikaren, irribarrearen eta grinaren erritmoari jarraituz mugitzen da, bai eta tradizioekiko errespetuari eta debozioari jarraituz ere. Sevilla berezko nortasunaz bizi da, eta lehen begiratuan maitemintzen du. Gainera, bertako klimari esker, uda-garaitik kanpo ere bisita dezakegu.

 

Lehenengo goiza 

10:00 – Errege Alkazarrak arabiar Sevillan

Sevillako abenturarekin hasteko, Patio de Banderas plazara joango gara, Santa Cruz auzora, bertako mirari arkitektoniko garrantzitsuenetako bat ikustera: Errege Alkazarrak

Alkazarra (arabieraz, gotorlekua) errege-etxeko kideei eta hirira datozen estatuburuei ostatu emateko erabiltzen da. Gotorleku hori 712. urtearen inguruan eraiki zen, arabiarrek hiria konkistatu ondoren. Nahiz eta egokiena multzo guztia bisitatzea izan, ezinbestekoa da Pedro I.aren jauregia eta Urmaelaren lorategia ikustea. 

Gainera, ez dugu erraz ahaztuko egindako bisita; izan ere, gure arropak jasminaren usain biziaz bustiko dira: horixe da Errege Alkazarretako berezko usaina. Pedro I.aren jauregia arte mudejar zibilaren eraikuntza garrantzitsuena da, bai eta artea gustuko dutenen begientzako oparia ere. Urmaelaren lorategia, berriz, dotoretasunari eta fintasunari egindako monumentua da, eta hitzik gabe eta indarberrituta utziko gaitu. 

 

12:00 - Katedrala, hiriaren harrotasuna

Errege Alkazarrak alde batera utzi, eta bi minutu baino ez gara ibiliko Triunfo plazara iristeko. Bertan, zalantzarik gabe, hiriko ikurra dena miretsiko dugu. Sevillako katedrala  harri eta zur utziko gaitu, estilo ugari biltzen dituelako (almohadea, mudejarra, gotikoa, errenazentista, barrokoa, akademikoa eta neogotikoa) eta haren neurriak oso handiak direlako. 

Patxadaz begiratu beharko diogu, merezi baitu txoko guztiak ikusteak. Baina begirada guztien arreta Giraldarentzako da, katedralaren kanpandorrearentzako. Marrakecheko Kutubia meskitaren alminarean oinarritu ziren Giralda eraikitzeko. 104 metroko dorre horren beheko bi herenak hiriko meskita zaharraren alminareari dagozkio, eta goiko aldea, kristauek kanpaiak barnean hartzeko erantsitako erremate errenazentistari. 

Puntan Giraldilloa dago. Giraldilloa brontzezko eskultura bat da, eta tunikaz jantzitako emakume bat adierazten du; esku batean palma bat du, eta bestean, gerra-ezkutu bat. Eskultura hori berriki zaharberritu dute. 

 

Lehenengo arratsaldea 

14:30 - Jai gastronomikoa

Iritsi da bazkalordua. Katedralaren ondoan, Venerables plaza dago, eta bertan, Santa Cruz jatetxean sartuko gara, zalantzarik gabe. Jatetxe horretako andaluziar giro petoa (begira toreatzaileen argazkiei, antzinako kartelei eta hormetan zintzilik dauden zezen-buruei) ezin hobea izango da arrain frijituaz eta urdaiazpiko-pintxo gozoez gozatzeko. 

Aitzitik, erosoagoa eta goxoagoa den zerbait nahi badugu La Albahaca jatetxera joan gaitezke (Santa Cruz plaza, 12, katedralaren ondoan). Prezio ertain-altuaren truke, erabat asebeteko gara. 

 

16:30 - Erosketak Sierpesen

Jauntxoek bezala bazkaldu ondoren, digestioa egiteko, lasai-lasai abia gaitezke hiriko merkataritza-kale nagusira: Sierpes kalera. Kale horren amaieran, Sevillako Errege Kartzela zegoen; bertan egon zen preso Miguel de Cervantes. 

Sierpes kalean denetarik dago: tabernak, kafetegiak, arropa-dendak, oroigarri-dendak (oroigarri finak nahiz kitschak saltzen dituzte),  Beta liburutegi erraldoia –antzinako antzoki inperialak hartzen zuen lekua hartzen duena– eta gozotegiak; besteak beste La Campana. Gozotegi horretan, mota guztietako gozokiak eta pastelak jan ditzakezu, hala nola kremazko opil ikusgarria. Ibil gaitezen lasai, kale honetako eskaintza aberatsa eta askotarikoa da eta. Ez dugu presarik, baina jendez gainezka egongo da; Sevillan, neguan ere egiten dute kaleko bizitza.

 

19:30 - Don Juanen Sevilla

Sierpes kaletik irten, eta Álvarez Quintero eta Mateos Gago kaleetan barrena egingo dugu atzera. Hamar minutuan berriz egongo gara Santa Cruz auzoko kale gogorarazleetan. Plazer gutxi dago iluntzean auzoko kale estuetan barrena ibiltzea eta lorez estalitako patioei eta txoko guztietan ageri diren jauregiei begiratzea bezalakorik. 

Doña Elvira plaza (garai batean, komedia-antzokia; kondaira herrikoiaren arabera, bertan dago Don Juan Tenorioren ezinezko maitasun Inés de Ulloaren etxea), Justino de Neve kaleko 4. zenbakia (Sevillako etxe-patioaren eredu tipikoa) eta Pimienta kale poetikoa (bertan bizi izan zen Espainiako antzerkiaren izar handietako bat, María Guerrero) ezinbestean ikusi beharreko txokoak dira. Goza dezagun, eta ez dezagun gal erabat ahaztezina den auzo honetako xehetasun bat bera ere. 

 

21:30 - Afaria, finoa eta flamenkoa Trianan

Sevillako lehen egunean denetarik egin dugu, baina afalordua da, eta azkar ibili behar dugu. Hortaz, eman ditzagun hogei minutu Guadalquivir ibaia San Telmo zubitik zeharkatu eta Betis kale ezagun-ezagunetik jaisteko. Abades Triana jatetxera iritsiko gara, kalearen 69. zenbakian. Jangelako leihate handitik, hiriko ezinbesteko beste monumentu baten distira ikus dezakegu: Torre del Oro dorrea. 

Dorre almohade eder hori –XIII. mendearen hasieran eraikia– kapera, bolbora-biltegi eta presondegi izan da, eta gaur egun, Sevillako Torre del Oro Ontzi Museoa dago bertan. Bista horiekin afaltzea pribilegio hutsa izango da. Gainera, monumentu hori gauez, argituta, ikusten da ondoen. Eta oheratu aurretik kopa batzuk hartzeko, giro bizia duen Triana auzoan geratuko gara, eta Rejoneo tabernara (Betis kalea, 31) hurbilduko gara. Bertan, flamenko ona entzun dezakegu eta primeran hartuko gaituzte. Anselma tabernara (Pagés del Corro kalea, 49) ere joan gaitezke; Sevillako klasiko horretan, fino bat edan dezakegu, eta zuzeneko musika onaz gozatu, bai eta sevillana bat edo beste dantzatu ere, guztiz girotzeko. Eta bihar, gehiago…

 

Bigarren goiza 

10:00 - Espainiako plazatik Guadalquivirreko pasealekura

Sevillan egingo dugun azken eguna Espainiako plaza ikusgarrian hasiko dugu, María Luisa parkearen barruan. Espainiako plaza 1929ko Iberoamerikar Erakusketarako egin zuten. 200 metroko diametroa du, eta zur eta lur uzten du lehen aldiz ikusten duen oro. 

Plazaren zirkuluerdi formak Espainiaren eta haren antzinako kolonien arteko besarkada adierazten du, eta Guadalquivir ibaiari begira dago, bide horri jarraitzen baitzitzaion Amerikara joateko. Denbora asko behar dugu bertan lasai ibiltzeko eta hango txoko ugariak ikusteko, baina oker handia litzateke hori ez egitea. 1999an, plazak munduari bira egin zion; izan ere, George Lucas zine-zuzendariari Star Wars film mitikoaren bigarren atalean sartzea otu zitzaion. 

Aurreko hori bezain erakargarria den beste aukera batek ibaira garamatza, hiriaren muinera. Parketik oso gertu, Guadalquivir ibaia dago. Bertan, itsasontzi bat baino gehiago egongo da Sevilla beste ikuspegi batetik erakusteko prest. Horrela, bide batez, atsedenalditxo bat egingo dugu…

 

12:00 – Sevillako bihotz berdea

Eta, jakina, ezin dugu alde egin, María Luisa parkea ondo ikusi gabe. Sevillarrek Espainiako Central Park esaten diote parke horri. Birika berde erraldoi hori Montpensier-eko duke-dukesen ekimenez sortu zuten. Montpensierreko duke-dukesek San Telmo jauregia erosi zuten 1849an, eta Lecolant frantziar lorezainari lorategi handi bat eraikitzeko agindu zioten, haien egoitzaren handitasunarekin bat etorriko zena. 

Nahiz eta dagoeneko Espainiako plazan hankak zigortu, plazera izango da parkeko bidexketan barrena ibiltzea eta bertako zuhaitzez, eskulturez eta glorieta ugariez gozatzea. Azken horien artean, Maria Luisa Fernanda Orlénskoa Infantaren glorieta nabarmentzen da, 1893an lorategiak hiriari eman zizkion emakumea gogora ekartzen duen eskultura baitago bertan. 

Beste aukera lasaiago bat parkean zalgurdian osteratxo bat egitea da… Inguru horretan, alde guztietan aurki ditzakegu zalgurdiak.

 

Bigarren arratsaldea 

14:30 - Azken pintxoak

Parkean goiz lasai bat igaro ondoren, handik aterako gara bazkaltzera joateko eta Sevillako gure lehen abenturaren amaierari aurre egiteko. Hortaz, Paseo de las Delicias pasealekutik abiatuko gara hirigunerantz. Alde zaharreko Adriano kalera iritsiko gara, Isabel II.aren zubira iritsi baino zertxobait lehenago. 

Han, 24. zenbakian, Taquilla taberna dago. Bertan, pintxoei agur esateko, barrengorri beteak edo patatak txokoekin (ezin hobeak!) jan ditzakegu. Giro herrikoieko beste leku bat Sabina jatetxea da (Dos de Mayo kalea, 4; Adriano kaletik ehun metrora); aukera ona da aingeruek bezala jateko. Hango arrain frijitua eta idi-roastbeefa oso onak dira.

 

16:30 - Sevilla zezenzalea

Eta Sevillatik ate handitik baino ezin garenez irten, jatetxetik irtengo gara eta burua altxatuko dugu, Maestranza zezen-plaza mitikoari so egiteko. Haren aurrealde barrokoa, zuriz eta urre-kolorez margotua, oso ederra da. 

Plazaren inguruetan, zezen-plaza horretan arrakasta handiena lortu duten sevillar toreatzaileen omenezko estatuak ikus ditzakegu; besteak beste, Curro Romeroren omenezkoa. Zezenketazaleak izanez gero, Real Maestranza de Caballería-ko Zezen Museoa ikus dezakegu. 

Zezen-plazaren harmailen azpian dago, eta zezenketen historia kontatzen du, zezenketei buruzko kartelen, argazkien, traje distiratsuen, brontzeen, azulejoen eta eskulturen bilduma oso baten bidez. 

 

17:30 - Tradiziozko erosketak eta moda

Amaitzeko, egin diezaiogun begiratu bat Sevillako zeramikaren eta buztingintzaren artisautzari. Islamiar jatorriko dekorazio-motiboak, XVIII. mendeko diseinu barrokoak eta XVI. mendeko italiar estiloko diseinu klasikoak aurki ditzakegu, besteak beste. 

Zeramika artistikoaren ekoizpena Triana auzoan (Maestranzatik gatozela, Isabel II.a zubia igaro dezakegu, eta auzoan bete-betean sartu) mugatzen da, batez ere, eta islamiar garaian du jatorria. Gaur egun, oraindik ere, apaingarri horietako asko eta asko protagonista dira hiriko hamaika txokotan. 

Ez ditugu ahaztu nahi La Cartuja etxearen artisau-piezak. Charles Pickmanek 1839an sortutako enpresa horretako piezak Sevillako txoko guztietan daude. Nabarmentzekoa da, baita ere, mantelina erabiltzeko ohitura errotua; Aste Santuan eta ezkontzetan erabiltzen da, batez ere (emaztegai askok mantelina erabiltzen dute ohiko beloaren ordez). 

Artisautzaz gain, azken urteetan hiria modaren gune garrantzitsu bilakatu da, tokiko hainbat jostuni esker, hala nola Victorio y Lucchinori eta Toni Benítezi esker. 

Aldi berean, aire zabaleko ohiko azoka txikiak ere egiten dira oraindik; besteak beste, Osteguneko azoka txikia (ostegunero, Macarena auzoko Feria kalean), Charco de la Pava-ko azoka txikia (larunbatetan, Cartuja uhartean) eta Alcosa parkeko azoka txikia (Juan Carlos I etorbidean, Expo 92ko telekabina-geltoki zaharraren ondoan). Azken horretan, filatelistek zigiluak eta txanponak lor ditzakete. 

Zarena zarela, badugu zuretzako plan bat

Sofistikatuentzat:

La Legión plazaren 8. zenbakian Kudeta dago (Tel.: 954 089 095), chill outaren tenplu batez gozatu nahi dutenek ezinbestean ezagutu beharreko lekua. Jatetxea, taberna eta dantzarako lekua ditu, eta hiriko lekurik onenetarikoa da. 

 

Lasaitasunez disfrutatu:

Aire de Sevilla arabiar bainuetxea (Aire, 15; tel.: 955 010 025) lasaitasunaren paradisua da. Aterpe honetan, bainu publikoa zentzumenentzako arte bihurtu zuten arbasoen historia nabari da. Ezkutaleku honetan, isiltasuna zaratari gailentzen zaio, eta terrazatik dauden ikuspegiak pribilegiatuak dira. 
 

Abentura-zaleenentzat:

Andaluzia airetik ezagutzea esperientzia ahaztezina da. Aerohispalis enpresara gerturatu (Sevilla-Málaga autobidea, 24. km, tel.: 610 677 787) eta ultrarinean hegaldia kontratatuz gero, ilunabar magikoak eta hondartzak goitik begiratuta ikusiko dituzu. Oso gomendagarria. 

 

Lagunentzat:

Mairena del Aljarafen eta Gerenan (Sevillatik 10 kilometrora),  DXT enpresak (tel.: 955 659 237) Sevillako bi paintball-zelai handienak ditu. Lagunekin ondo pasatu nahi baduzu, deitu zalantzarik gabe, eta erreserbatu bataila-agertokietako bat. 

 

Familientzat:

Isla Mágica Cartuja uharteko Espainiaren pabiloian dagoen parke tematikoa da (tel.: 902 161 716), haurrekin ondo pasatzeko ezin hobea. Bereziki gomendagarria da Cinemoción, 3D pantaila erraldoia. Bertan, hainbat film zirraragarri ikus daitezke: piratenak, gudarienak, astronautenak, etab.

Eskerrak: © TURISMO ANDALUZ, S.A.