Gaur egun Valentzia aldaketaren sinboloa da. Modernitaterako jauzia erroei traiziorik egin gabe lortu da eta helmuga turistiko erakargarrienetako bat izatera iritsi da. Lehen lerroko diseinua eta ekipamendu kulturalak eguzkiarekin, itsasoarekin eta betiko sukaldaritza onarekin uztartzen dira.
Lehenengo goiza
10:00 - Arteen eta Zientzien Hiria, ikono berria
Valentziari
buruz jakin behar dugun lehenengo gauza da, hiri handia izan arren, oso ondo lotuta dagoela garraio publiko bidez. Valencia Tourist Card ere badago. 16 €-ren truke, eta 48 orduz, hiriko garraio publikoan ibil gaitezke eta hitzartutako museoetan, aisialdi jardueretan, dendetan eta jatetxeetan deskontuak izan ditzakegu.
Hori jakinda, autoz joaten ez bagara, 19, 35, 95 edo 40 zenbakiko autobusak har ditzakegu eta hiriaren zatirik berri eta liluragarriena bisitatzen has gaitezke. Duela hamar bat urte inauguratua, Arteen eta Zientzien Hiria
eraikin multzoa da (Hemisfèric, Umbracle, Príncipe Felipe Zientzien Museoa, Oceanogràfic eta Palau de les Arts Reina Sofía). Santiago Calatravak eta Félix Candelak diseinatu zituzten eta Turia ibaiaren amaieran kokatuta daude, valentziar guztien harrotasunerako. Eraiki zenetik igaro den denbora gutxian, hiriaren sinbolo berri eztabaidaezina bihurtu da. Argazki kamera eskura ez izatea akats barkaezina da.
Eskaintza kultural eta zientifikoa osatuz, eremuan hainbat parke, lorategi eta kirol gune daude eta bisita lasaitasunez egitera gonbit egiten gaituzte. Beste zenbait jardueren artean, Umbraclen (hots, konplexu osoa ikusteko aukera ematen digun lorategi bihurtutako behatokian) dauden Valentziako landare espezie autoktonoei so egitea (estrepa, erromeroa, izpilikua, atxaparra, bugainbilea...) eta Zientzien Museoan dagoen 30 m-ko luzerako eta 170 kg-ko pisuko Foucaulten pendulu izugarria ikustea ezinbestekoa da.
Oceanogràfic multzoko beste izarretako bat da eta, zalantzarik gabe, merezi du hurrengo gure bi orduak horri eskaintzea.
12:00 - Oceanogràfic, Arteen Hiriko bitxia
Oceanogràfic
osorik bisitatu behar da. 110.000 m2-ko azalera du eta, beraz, Europako handiena da. Bertan, planetako itsas ekosistema nagusiez goza dezakegu eta 500 espezie ezberdinen 45.000 ale ikus ditzakegu. Izurdeak, mortsak, itsas lehoiak, fokak, pinguinoak, marrazoak, arraiak, zerra arrainak edo marmokak ikusi ahal izango ditugu. Bere diseinua –handia eta ikus oztoporik gabekoa– benetan ikusgarria da.
Barruan, hiriko jatetxerik abangoardistenetako bat dago, Submarino jatetxea
(tel.: 961 975 656). Dasta ditzakegun plateren artean, txangurruzko ravioli bikainak ditugu, ganbekin, beren saltsan eta limoi saltsan. Sabaian lanpara ikusgarri bat dago, marmoka sarda bat dirudiena, 10.000 arrainez inguratuta. Ikusgarria da.
Lehenengo arratsaldea
14:00 - Paella ikuspegi zoragarriekin
Lehenengo goiza Arteen Hiriari eskaini ondoren, Valentziaren erdigunera itzuliko gara. Bertan, itsasorantz, Menorca kalerako bidea hartuko dugu, Naranjos etorbideraino, eta, hortik, Malvarrosa hondartzara
jaitsiko gara. Kilometro bateko luzerarekin, hiri hondartza nagusia da, harea finezko eremu zabala da eta, alboan, jatetxez eta kafetegiz betetako itsas pasealekua du.
Garai batean, soilik arrantzaleen gunea zen. Denboraren poderioz, Valentziako burgesiaren eta Blasco Ibáñez edo Joaquín Sorolla bezalako pertsonaia ospetsuen atsedenleku bihurtuz joan zen. Orain arte ikusitakoa buruan fresko dugula, leku ezin hobea izango da atsedenaldia egiteko eta La Pepica
jatetxean (Paseo Neptuno, 2) paella jatera esertzeko. Jatetxeak ehun urtetik gorako historia du eta ondo merezitako ospea du Valentziako jatetxeen artean.
Egun eguzkitsua bada, eska dezagun mahai bat terrazan; hobeto egongo gara eta itsasorako ikuspegiaz gozatuko dugu, bere garaian Hemingwayk, Orson Wellsek edo Ava Gardnerrek egin zuten moduan; luxua izango da.
Neptuno kale berean, 16.ean, beste bitxi gastronomiko bat aurkituko dugu: L’Estimat
jatetxea, 15 arroz mota ezberdin baino gehiagoko karta eskaintzen duena, bere espezialitateaz gain: aingirazko eta kuia errezko all i pebre intxaur eta eztiarekin.
16:00 - Erdigunearen eta itsasoaren artean
Malvarrosan bazkaldu dugunez, paseoa eman dezakegu Valentziako kirol portu berria ikusteko, Mediterraneoko inbidia. Portu hori 2007an Belako Amerika Kopa egiteko birmoldatu zen oso-osorik eta, orain, hiriko aisialdi eta dibertsio guneetako bat izatera pasa da. Gainera, leku hori azken belaunaldiko gida turistikoetan dago jada, bertan dauden bitxi arkitektonikoetako batzuk ikusteko bakarrik bada ere. Aduanen eta biltegien eraikina birmoldatu ondoren, Velas y Vientos eraikina nabarmendu behar da, David Chipperfield arkitektoak eta Bartzelonako b720 estudioak batera diseinatua. Benetako miraria.
Beste aukera bat hiriaren erdigunera joatea eta ezkutatzen duen guztia ezagutzea da. Hasteko, eta kaletxo artean bete-betean murgildu aurretik, Turiako lorategietatik paseoa eman genezake. Birika berdeak gauzak lasaitasunez hartzera bultzatzen du eta ezin hobea da familiarekin joateko. Bertan, kirol instalazioak, patinatzeko pistak, tren txiki bat eta bizikletentzako zirkuituak aurkituko ditugu, eta, txikienentzat, Gulliver parkea: jolas eremu originala, Jonathan Swiftek sortutako pertsonaiaren irudi erraldoi bat buru duena. Jatorrizko ipuinean bezala lurrean etzanda eta lurrera lotuta, ilea eta arroparen tolesak txirrista bihurtzen dira eta bertatik jolasten duten haurrak, berriz, historiako ipotxak.
18:00 - Erosketa tradizionalak
Lorategietan airea arnastu ondoren, jada murgil gaitezke hiriaren bihotzean. Hirigune historikoko
kaleetatik galduz gero, hainbat txokotara iritsiko gara, esaterako, Birjinaren plazara, katedralaren
atzealdean ezkutatua. Roger de Lauria, Correos, Barcas, San Vicente Mártir edo Poeta Querol bezalako kaleetatik bueltaxka eman dezakegu. Artisautzako elementuak eta antigoaleko gauzak saltzen dituzten denda ugari daude, espero ez ditugun produktu bitxi eta bikainak eskaintzen dituztenak. Eskuz margotuta eta boli landuko hagatxoz edo egur exotikoz eginda dauden haizemaileak dira tokiko artisautzako artikulu kutunenetako batzuk. Ez dugu ahaztu behar, ezta ere, portzelana, ezta Valentziako jantzi tipikoak ere, brodatu finekin. Eta, hemendik gabiltzanez, nahitaezkoa da Santa Catalina hortxata eta txokolategira
joan (Plaza Santa Catalina, 6) eta hortxata bat eta "farton" izeneko batzuk hartzea hiriko lokal tipikoenetako batean, bere garaian Isabel infanta maiz hartzen zuena.
20:30 - Festaren amaiera
Eguna ondo aprobetxatu dugu, baina oraindik afaldu egin behar dugu eta kopa bat hartu galdu ezin dugun Valentziako gauean. Tradizio handieneko jatetxeetako batera joan nahi badugu, Russafa eremura joan beharko dugu eta Morgado
jatetxean mahaia eskatu (Repsol Gidan gomendatuta dago) (Reina Doña Germana, 4, tel.: 963 733 508). Zezen isats erregosiak edo arkume hazikontxoek perretxiko eta baratxuri freskoekin ahozabalik eta ondoren etorriko denerako prest utziko gaituzte.
Morgadotik gertu, beste aukera ezin hobe bat aurkituko dugu: Riff
jatetxeaz ari gara (Repsol-en eguzki batekin saritua). Bertan, sormenezko sukaldaritza dastatuko dugu, izen iradokitzailedun platerekin, esaterako, arrautza eskalfatua Verako piperrauts eta azalorearekin, arroza itsas trikuaren haizearekin edo anana errearen salda koko eta arbendolekin.
Gauari amaiera emateko, portura joatea eta inguruko taberna eta diskoteka ugarietako batean sartzea proposatzen dugu, esaterako, The Class (Santa Teresa, 2), Gabbana Beach
(Paseo Neptuno, 30) edo Las Ánimas Puerto –dirudienez, hiriko koktelik onenak zerbitzatzen dituzte–, hori ere Neptuno pasealekuan. Horietan guztietan, musika ona eta dibertsioa aurkituko ditugu goizaldeko ordu txikietara arte.
Gaueko beste aukera bat Carmen auzoan aurkituko dugu, hirian parranda egiteko gune onenetako bat. Zenbait lokal klasiko ere nabarmendu behar dira, horien artean, Fox Congo –soul, pop eta funky musika– edo Johnny Maracas, salsa dantzatzea gustuko dutenentzat bakarrik. Biek Caballeros kalera ematen dute. Bertan da, halaber, Borgia, Tunezeko estiloari zorrotz jarraituz apaindutako te denda.
Bigarren goiza
10:00 - La Seu, Valentziako katedrala
Valentzian emango dugun bigarren eta azken egunari hasiera emateko, katedrala bisitatuko dugu, herritarrek La Seu izenaz ezagutzen dutena. Tenplua Santa Maríari eskainita dago, Jaime I.a erregearen nahiari jarraiki, eta lehen meskitaren hondarren gainean dago eraikita. Bere hiru ate nagusiek estilo ezberdinak dituzte (erromanikoa, gotikoa eta barrokoa) eta kanpandorre oktogonala du. Miguelete delakoa hiriaren enblema da. 50,85 metroko altuera du, perimetroaren neurri bera. Merezi du punturik gorenera daramaten 207 eskailera mailak igotzeko egin beharreko ahalegina, hiriaren ikuspegi ezin hobeaz goza baitezakegu. Barrualdean, Quattrocentoko margolanak ikusi behar ditugu, Erromatik ekarriak, Alejandro VI.a aita santu valentziarrari esker.
Ama Birjinaren plazan bertan, nabarmentzekoak dira Virgen de los Desamparados basilika eta, oso gertu, Santo Domingo errege komentua. Komentu hori domingotarren ordenak eraiki zuen XIII. mendean, Jakue I.a erregearen onarpenarekin. Valentziaren alde zaharrean, beste eliza interesgarri batzuk ere aurki daitezke, horien artean, Santa Catalina, San Nicolás eta San Martín.
12:00 - Llotja de la Seda
Katedraletik bost minutura, nahitaez bisitatu beharreko beste leku bat dugu: Llotja de la Seda, erdialdean dagoen Plaza del Mercado plazan kokatua. XV. mendearen amaiera aldera eraikia, Valentziako gotiko zibileko maisulan hori Gizateriaren Ondarea da 1996az geroztik. Eraikinaren barrualdean, benetako altxorrak daude, horien artean, Zutabeen Aretoa, Dorre Zentrala eta Itsas Kontsuletxeko Batzar Aretoa.
Bestalde, sarrerako arkupean, Portal de los Pecados deiturikoan, gizakiaren bekatu originalak irudikatzen dituzten hainbat figura ikus ditzakegu. Dorrean ziega dago, zeta lapurrak eta zintzoki jokatzen ez zuten merkatariak agintariak agertu bitartean giltzapean sartzeko erabiltzen zena. Sarrera doakoa da eta larunbat eta igandeetan 13:30ean ixten ditu ateak. Merezi du bisitatzea.
Bigarren arratsaldea
14:00 - Erdigunean bazkaltzen
Ordu biak dira eta urdaila kexatzen hasi da. Bazkari berezia egin nahi badugu, onena Horno de San Nicolás plazara joatea (ia-ia Llotja ukitzen) izango da, San Nicolás jatetxeko itsaskiez gozatzeko. Arrokatako arraina sasoiko barazki papillotearekin eta rancho de abordo delakoa kostaldeko arrainekin dastatzeko, merezi du gehixeago ordaintzea. Ez gara damutuko.
Beste aukera bat, ingurune berean, La Taberna de Marisa
da (Caballeros, 47), lokal abangoardista, tapa onekin, eta, arrautza frijituak, harrian egindako idi haragia edo hiru testurako txokolatea eskaintzen dituena. Aipatu beharreko beste jatetxe bat El Tossal
da (Quart, 6); bertan, arroz onetan eta testuretako hortxatan oinarritutako merkatuko sukaldaritza dasta dezakegu.
16:00 - Musikan barrenako paseoa
Erdigunetik atera eta Valentziako gure egonaldi labur baina biziaren azken txanpa egingo dugu. Ibaia zeharkatu eta Alameda pasealekutik joango gara oinez, Palau de la Músicara
iristeko. Musikari dagokionez protagonismoa Arteen eta Zientzien Hiriko Reina Sofíari laga dion arren, eraikin honek hiriko enblematikoenetako bat izaten jarraitzen du. 1987an inauguratua, Turiako lorategiaren ondoan kokatuta dago eta bertako akustika aho batez goraipatu da. Areago, Europako auditorio garrantzitsuenetako bat dela esaten da.
Gardentasuna bere ezaugarri nagusietako bat da. Turia ibaiarekiko paralelo dagoen beiraz hornitutako ganga handia sarbide nagusia da. Inguruan duen lorategian ezin hobe integratuta dago eta Espainiako Ricardo Bofill arkitektoak diseinatu zuen. Kanpoko argia eta harmonia kanpoaldera ateratzen dira beiraren bidez eta giro epela sortzen dute. Atondo izugarria gurutzatu ondoren, kontzertu areto ezberdinetara iristen gara. Gauez, argiztatzen dutenean, benetan zoragarria da.
18:00 - Fallen agurra
Valentzia fallak behin ere usaindu gabe uztea bekatua izango litzateke. Hortaz, gure azken unea hirian igarotzea proposatzen dugu, Fallen Museoa
bisitatzea (Palau de la Músicaren aurrean dago, baina ibaiaren beste aldean). Bertan, falletan barkamena jaso duten ninot guztiak daude jendaurrean. Museoak 1934az geroztik biltzen ditu ninotak. Bitxia da, beraz, bai erabilitako materialek (kartoia, poliesterra...) eta irudien diseinuak izan duten bilakaera ikustea.
Erakusketa horretaz gain, fallen historiaren parte izan diren kartel ezberdinak ere ikus ditzakegu, baita mundu bereizi honekin erlazionatutako argazkiak eta gainerako elementuak ere. Oso agur valentziarra izango da. Merezi izango du.
Sofistikatuentzat
Valentzia, Instituto Valenciano de Arte Moderno
(IVAM) institutuarekin batera, Espainiako arte garaikidean lehenengo postuetako batean dago. Bederatzi galeria ditu. Horietan, Julio González eta Ignacio Pinazo margolarien bilduma iraunkorrak biltzen dira, baita pintura, argazkilaritza eta arte modernoko aldi baterako beste erakusketa batzuk ere, mende hasierako abangoardietatik hasi eta gaur egun arte.
Lasaitasunaz gozatzeko
Spa Las Arenas
zentroak (Eugenio Viñes 22, tel.: 963 120 600), Las Arenas hotelaren barruan kokatuta, horren aurretik egon zen bainuetxe historikoaren tradizioa biltzen du. Estresatuta dauden buru eta gorputzentzat gomendatua, bainuetxe esklusibo honek lekuarekin bat datozen prezioko eta kalitateko tratamendu eta terapien oso aukera zabala eskaintzen du.
Abenturazaleentzat
Valentziatik 40 minutura kotxez, Venta del Moro Hoces del Cabriel herria dago. Urrun dagoela dirudien arren, bertaraino joatea abenturaz beteriko egunpasa egiteko aukera ezin hobea izango da (rafting-a, paintball-a, kanoak, piraguismoa, urpekaritza, bela, etab.). Ruting-eko
langileak (tel.: 620 264 263) arduratuko dira behar den guztiaz.
Lagunentzat
Lagunekin gau erakargarri eta dibertigarria igaro nahi baduzu, ez ezazu gal diskoteka berria, L’Umbracle
(Arteen eta Zientzien Hiria), oso ondo apaindutako lokala, giro onarekin, musika atseginarekin eta gogaituko diren bizilagunik gabe.
Familientzat
Bioparc Valencia
(Av. Pío Baroja, 3, tel.: 902 250 340) oztoporik gabeko zoologikoa da, txikienekin bisitatzeko ezin hobea. Burdin sarerik edo kaiolarik gabe, animalien habitat naturala irudikatzen dute. Horiengandik ikusi ezin ditugun lubakiek, errekastoek edo beirek bereizten gaituzte. Familiarekin joateko benetan saihestu ezin daitekeen bisita da.
Eskerrak: © Agència Valenciana del Turisme. Comunitat Valenciana. Valentziako Turismoa. Valentziako Udala.