Repsol

Letren hiria


José Zorrilla, Miguel de Cervantes eta Miguel Delibes dira Valladoliden arrastoa utzi duten gaztelaniazko idazle handietako batzuk. Edo, egia esan, hiria izan zen haiengan arrastoa utzi zuena. Valladolid hiri kosmopolita eta bizia da, Espainiako hiriburu izatera iritsi zena. Gaur egun, bisitarientzat irekita dagoen hiri tradizioari eusten dio.

 

Lehen goiza 

10:00 Ongietorria unibertsitatean 

Gure ibilbidea   Miguel de Cervantesen estatuan hasten da, Unibertsitate plazan. Aurrean, Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko fatxada dago (tel.: 983 423 008). Sartu eta ikasle giro zaratatsua gogoratuko dugu. Ondoren, plazara irten eta ezkerreko kalea hartuko dugu. Horrela, Nuestra Señora de la Asunción katedralera helduko gara. 

Berez, erdi eraikita dago katedrala. XVI. mendean hasi ziren eraikitzen, Juan de Herreraren planoei jarraituz (hortik datorkio izena herreriano estiloari), baina proiektua handiegia zen. Mendebaldeko fatxadari erreparatzen badiogu, Portugalete plazatik, eraikina moztu egin dela ematen du. Fondo faltarengatik proiektua geldiarazi izanaren ondorioa da. Barruan, merezi du Valladolideko birpopulatzaile Pedro Ansúrezen hilobia eta, Kapera Nagusian, Juan de Juniren erretaula ederra ikusteko geldialdia egitea. 

11:30 Jauregiz jauregi 

Katedrala utzi ondoren, eskuinerantz joko dugu, Angustias kalearen hasieraraino, 20 metro eskasera. 1 zenbakian dago Teatro Calderón antzokia (tel.: 983 426 444). Ia ohartu ere egin gabe, jauretxeen xehetasunei erreparatuz, San Pablo plazara iritsiko gara. Eskuineko izkina Pimentel jauregiak hartzen du. Bertan jaio zen Felipe II.a. Egun Valladolideko diputazioaren egoitza da (Angustias 44; Tel.: 983 427 100). Kanpoan, leiho platereskoa ikusiko dugu, izkinan, gure buruen gainean. 

Ezkerrean dugu Errege Jauregia (Esteban García Chico, 1), XVI. mendekoa. Felipe III.aren bizilekua izan zen Valladolid Espainiako hiriburu izan zen bitartean, 1601 eta 1606 artean. Plazaren beste aldean dago  San Pablo komentu eliza, estilo gotiko isabelinoko fatxada dotorea duena. 

12:30 Artea, ikusteko 

Atzean dago Museo Nacional Colegio de San Gregorio museoa (Cadenas de San Gregorio 1; Tel.: 983 250 375). Goizez, 14:00etara arte egoten da irekita. Bertako portiko gotiko ederra igaro ondoren, Juan de Juni, Berruguete edo Diego de Siloé bezalako XV. mendetik XVIII. mendera bitarteko eskultore espainiarren lanik onenak biltzen dituen bilduma dugu zain. Museoa hain da handia, ezen eta beste eraikin batzuetan banatuta dago, denak kale berean: Villena jauregia, Casa del Sol etxea eta San Benito el Viejo eliza. 

13:30 Plaza Nagusirantz 

Rúa Oscura estutik, Plateríatik eta Lonjatik igaroko gara, Lencería kaleraino.   Plaza Nagusian gaude. Hauxe da valladolidtarren topagune gustukoena. Askok bertan egiten dute hitzordua, Pedro Ansúrezen estatuaren ondoan batez ere. Merkatuak, jai herrikoiak, musika emanaldiak eta Aste Santuko prozesio ospetsuak egiten dira bertan. Ataripedun eraikinez inguratuta dago. Garrantzitsuena, iparraldean, udaletxea da (tel.: 983 426 100), Torre del Reloj buru duela. Beste aldean, berriz, Teatro Zorrilla antzokia nabarmentzen da (tel.: 983 351 266).

 

Lehen arratsaldea 

14:00 Plazer gastronomikoak 

Gaztela eta Leongo sukaldaritza dastatu behar da, adibidez, Plaza Nagusitik gertu dauden bi jatetxetan. La Criolla (Calixto Fernández de la Torre 2; Tel.: 983 373 822) Repsol Gidak gomendatzen du eta ilarrak Palentziako kuiatxoarekin edo idi txuletoia bezalako jakiak eskaintzen ditu. El Caballo de Troya (Correos 1; Tel.: 983 339 355) benetako instituzioa da. XVII. mendeko eraikinean dago, Erdi Aroko jatetxe eta ostatuaren lekuan. Ezinbestekoa da lekaleak eta etxeko postreak dastatzea.

Bertako tapak dastatzeko gogoa badugu, Los Zagales de Abadíara  joango gara (Pasión 13; Tel.: 983 351 525). Metro gutxira dago. Bertako tapa eta kanapeek sari ugari jaso dituzte. Beraz, inguruko ardo on batekin lagunduta dastatuko ditugu: kroketak, hostoretxo betea, kanape berbena, hestebete iberikoak edo esnekoaren hazikontxoak. 

16:00 Hegoaldeko bidea 

Ehun metro ezkerrera eginda, María de Molina kalea daukagu, Zorrilla plazaraino eramango gaituena zuzen-zuzen. Teatro Lope de Vega antzokitik pasako gara (María de Molina 12; Tel.: 983 352 781). 1861ean sortu zen, eta XVII. mendetik datorren tradizioa du. Ordurako bazen patio ireki bat, eta komediak antzezten zituzten bertan. 

Aurrean izango dugu Campo Grande. Parke hau da Valladolid erdiguneko birika berdea. 1877an eraiki zen, lorategi erromantiko gisa. Eguraldia lagun izanez gero, ederra da bertan ibiltzea. Pérgolaraino eta Fuente del Cisneraino joan gaitezke; uharka eta ur-jauzia ikus ditzakegu, edo Argazkilariaren Monumentuan argazkia atera dezakegu, Paseo del Príncipe pasealekuaren ondoan. 

17:30 Bat-batean… Asia 

Campo Grande gurutzatu eta Paseo de los Filipinos pasealekura iritsiko gara. Hor dago  Real Colegio de los Padres Agustinos. Barruan Museo Oriental museoaren 18 gela ditu (Padres Filipinos etorbidea 7; Tel.: 983 306 800). Ordutegia: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. XVI. mendeaz geroztik, Asiako hego-ekialdeko ebangelizatzaile nagusiak izan ziren aita agustindarren legatua da. Hortik dator filipinar kalifikatzaile herrikoia. Itzuleran, bizi izan ziren herrialdeetako kulturaren parte bat ekarri zuten beraiekin: kaligrafiak eta altzari txinatarrak, Filipinetako zeramika, baita XVII.-XVIII. mendeetako samurai japoniar baten armadura ere. 

19:00 Hiriaren pultsua 

Museo Oriental museotik irten eta ezkerrerantz egingo dugu, Zorrilla pasealekurantz. Bide bizia da eta marka onenen merkataritza-gune eta dendaz beteta dago. Berriz ere Zorrilla plazan, Miguel Íscar kalean barrena jarraituko dugu,   España plazaraino. Goizean fruitu eta lore azoka egoten da, baina ordu honetan lasaiago egoten da, beraz, kafe bat hartzeko aprobetxa dezakegu. 

Plazaren eskuinaldeko López Gómez kaleari jarraituz Fray Luis de Leónera helduko gara. Poliki joan behar dugu; bestela, Gutiérrez pasabideko sarrera pasako dugu. Estalitako galeria komertzial labur bat da, 1886ko burgesen zabalkunde garaiko beste oroipen bat, garaiko Europako hiriburu handietako modari jarraituz. 

20:30 Trigorantz 

Egun osoan kalez kale ibiltzeak nekea ekar dezake..., baita afaltzeko gogoa ere. Aukerarik onena   Trigo jatetxea da (Los Tintes 8; Tel.: 983 115 500), Gaztelako urrearen omenez izen hori duena. Oinez hamar minutura dago, katedralaren ondoan, eta Repsol-en Eguzki bat du. Zer dasta dezakegu? Proposatzen diguten oro: usakumea gariarekin, aitonaren patata, antxume silla, merkatuko arraina, eztizko kaneloiak postrerako… 

Gaualdia luzatu egin daiteke konpainia onean kopa bat hartuz. Valladolid-ek leku asko ditu aukeran: El Cuadro (Campo Grande eta Pisuerga artean), Paraíso, Coca-San Lorenzo (inguru pijo samarra) eta Universidad-Portugalete, bizitasun handienekoa.

 

Bigarrren goiza 

10:00 Zientzia ibaiaren gainean 

Valladoliden igaroko dugun bigarren eguna Museo de la Ciencia museoan hasiko dugu (Salamanca etorbidea 59; Tel.: 983 144 300). Ordutegi jarraitua du 19:00etara arte (11:00etatik 21:00etara udan). Eraikina Rafael Moneorena eta Enrique de Teresarena da, antzinako irin lantegia aprobetxatuz egindakoa. Adreilu gorrizko fatxadetako bat mantendu dute, burdin hesizko dorrearekin eta Planetario Digitalaren hormigoizko kupularekin kontrastea egiten duena. Bilduman, arreta erakartzen du Espainiako interes kulturaleko ondasun izendatutako auto bakarrak: Renault 4CV txiki bat, 1953 inguruan Valladolideko FASA Renault lantegitik ateratako lehenengo modeloa. 

Ondoren Pisuerga gurutzatuko dugu oinezkoen pasabidetik, eta Casa del Río etxera helduko gara. Ibai ekosistemen dibulgazio zentro modernoa da. Merezi du pasabidean bertan une batez atseden hartzeak, hiriko bista zoragarriez gozatuz, Puente Colgante aurrean dugula. 

11:30 Ezkerraldean 

Salamanca etorbidea hartuko dugu ibilbidearen ardatz gisa, eta iparralderantz joango gara. Gure ibilbidean, Nuestra Señora de Prado monasterioa bisita dezakegu, Hezkuntza, Kultura eta Turismo Sailean (tel.: 983 358 990), Miguel Delibes kultur etxea ( Monasterio Nuestra Señora de Prado etorbidea 2; Tel.: 983 385 604), Ricardo Bofillen lana, edo   Gaztela eta Leongo Gorteen egoitza (tel.: 983 421 500). Indarrak gorde nahi baditugu, garraio publikoa hartuko dugu, edo, hobeto, Valladolid bizikletaz bizikletak mailegatzeko doako zerbitzua erabiliko dugu. 

12:00 Erdigunera itzuliko gara 

  Puente Mayor-era iritsi gara. Hiriko zaharrena da. Zeharkatzen dugunean, eskuinaldean geratzen da Playa de las Moreras. Eguzkiak pixka bat jotzen duen aldiro, bertan elkartzen dira valladolidtarrak. Itsasontzi zuri txiki bat ikus dezakegu, Mississippiko transbordadore legendarioak gogora ekartzen dituena.  Pisuergako legenda da (tel.: 666 552 266); 25 metroko itsasontzia, egunean bi aldiz (12:30ean eta 17:30ean)  Arroyo de la Encomiendaraino  , ibaian behera, bidea estaltzen duena. 

12:30 Postreak eta museoak 

Pisuergari bizkarra eman eta Encarnación kalea hartuko dugu. 6 zenbakian dago Santa Isabel monasterioa (tel.: 983 352 139), moja klaratar frantziskotarrek daramatena. Beren gozoki ospetsuak eros daitezke bertan: isabeles, erroskoak, amarguillos  edo charinas deiturikoak. Hatzak zupatzeko modukoak izaten dira. 

Pare-parean daude San Benito monasterioa eta eliza, gotorleku zaharraren eta Erdi Aroko harresien orubean. Bere hiru patioek beste hainbat museo dituzte, kultur zirkuitu bikaina osatuz. Patio Herreriano edo Valladolideko Arte Garaikidearen Museoa nabarmentzen dira (Jorge Guillén 6; Tel.: 983 362 771). Ezin gara bertako bilduma ikusi gabe geratu. Dalí, Miró, Chillida edo Tàpies bezalakoen lanak biltzen ditu. Aste barruan ordutegi jarraitua du honek ere: 11:00etatik 20:00etara. Larunbatetan 10:00etatik 20:00etara eta igandetan 10:00etatik 15:00etara. 

13:30 Casa del Quijote 

Denboraz larri ibili arren, ihesaldi azkar bat egingo dugu Cervantesen  Museo Etxera (Rastro z/g; Tel.: 983 308 810). Bizkor ibili behar da, 15:00etan ixten baita, eta pena litzateke galtzea. Oinez, hamabost minutuko ibilalditxoa besterik ez da. Cervantes hemen bizi zen El Quijote argitaratu zuenean, 1605ean.

 

Bigarren arratsaldea 

15:00 Gustu guztietarako zaporeak 

Museo Patio Herreriano museorantz atzera egingo dugu, baina, San Lorenzo kalean, ezkerrerantz desbideratuko gara. Hemen dago La Parrilla de San Lorenzo, Valladolideko jatetxe onenetakoa. Antzinako San Joaquín komentuaren (XVI. mendekoa) etxabeetan dago, eta haragiak (orkatza, esnekoa, ahatea edo faisaia) nabarmentzen dira bertako eskaintzan. 

Baina Valladolid, beste ezeren aurretik, tapatarako hiria da, beraz, jateko, bertako taberna batzuetan sartu eta bertako eskaintzaz gozatzea da onena. Don Bacalao, arroza ganbekin edo antxoak vermut zuriarekin bezalako ezusteak eskaintzen dituena. Beste batzuek, ordea, nahiago dute Vinotinto-ko arroza Zamorako eran (Campanas 4; Tel.: 983 342 291), edo La Central-eko tortilla beteak (plaza de la Universidad 7; Tel.: 983 294 480). Klasikoen artean, tostak eta La Cárcava-ko ogitarteko egin berriak nabarmentzen dira (Cascajares z/g, tel.: 983 296 747), baita Alarcón-eko urdai frijituak ere (Alarcón 3; Tel.: 983 335 017).

16:30 Historia... ezkutua duen leku bat 

Berriz ere bideari helduko diogu Ramón y Cajal-etik Real de Burgos kalera, Madre de Dios-era heldu arte. 20 zenbakian dago Esgueva hiri zentroa (tel.: 983 310 465). Gutxik dakite hortxe zegoela  Inkisizioko kartzela. 1559 eta 1809 artean ehunka presoren ziega izan zen; bertan egon zen, besteak beste, Fray Luis de León. 

17:30 Denboraren tunela 

Oinez jarraituko dugu Chancillerían eta San Martínen barrena. Ondoren, eskuinerantz joko dugu Lira kalean barrena, Torrecillaraino. Ezkerraldean kale estu baten hasiera ikusiko dugu. Bertan barrura eginez gero, Casa Museo José Zorrilla  museora iritsiko gara (Fray Luis de Granada 2; Tel.: 983 426 266). Eraikin horretan jaio zen autorea 1817an, eta hor bizi izan zen zazpi urte bete arte. Erakusgai dauden piezen artean daude bere bulegoko mahaia eta hil aurpegi-moldea. 

Ezkerrerantz jaitsita, berehala  Revilla etxea topatuko dugu (tel.: 983 426 246). Hor bizi izan zen, XVII. mende hasieran, gazte bat, nobizia zela jakin zena, Catalina de Erauso, komentu batetik ihes egindakoa. Amerikara emigratu eta dirutza egin zuen soldadu gisa. Moja alferez ezaguna zen. 

19:00 Eta orain, Kolon 

Gure bideak jarraitu egiten du. Ramón y Cajal etorbideari jarraituko diogu Casa Museo de Cristóbal Colón museora iritsi arte (Colón z/g; Tel.: 983 291 353). Kolon Valladoliden hil zen arren 1506an, ez zen etxe honetan hil. Baina museoak garaiko dokumentuak eta oroipenak biltzen ditu, eta Kolonen berri ematen digu leialki. 

20:00 Jaiaren amaiera 

Erdigune historikora itzultzeko ordua da; Plaza Nagusira edo Mercado del Val-era. Udaletxearen atzean dago, Rinconada plazak bereizita. Dagoeneko ia geure egin ditugun kaleetan barrena egingo dugun azken ibilaldia da. Azken erosketak egiten ari diren oinezko anonimoen artean edo non afaldu edo kopa bat non hartu erabaki nahian ari diren lagun taldeen artean nahasiko gara. Garbi dagoena da  Valladolidetik  oroitzapen ona eramango dugula.

Zarena zarela, badugu plan bat zuretzat

Sofistikatuentzat. 

Mokofinak garenez, Ramiro’s  jatetxea ezagutuko dugu (Salamanca etorbidea 59; Tel.: 983 276 898). Jesús Ramiro sukaldeburuaren lan handia da. Repsol-en bi Eguzki ditu, eta sukaldaritza modernoa eta kosmopolita du, erroei eutsiz betiere. Bista zoragarriak ditu Zientzia Museoaren dorreko hamargarren solairutik. Onena dastatze menua probatzea da, Gaztela eta Leongo lehengaiak oinarri dituena (esnekoa, Pedradaseko pinaziak edo odolkia). 

Atseden hartzeko. 

Valladolidetik 44 km-ra, N-601etik, Hotel Balneario Villa de Olmedo hotelera iritsiko gara (Pago de Sancti Spiritus z/g; Tel.: 983 600 237). Antzinako Sancti Spiritus komentuan, XII. mendean sortutakoan, dago. Bertan hartu zuten ostatu, besteak beste, Santa Teresa de Ávilak eta Juana la Locak. Inguru historiko honetan tratamendu termalak eta geure onera etortzeko tratamendu berritzaileenak jasoko ditugu. 

Abenturazaleenentzat

Piraguismoa egin daiteke Pisuergak mugatutako guneetan, Esguevatik Puente Colgantera, adibidez. Informazio gehiago Narciso Suárez  Piraguismoko Udal Konplexuan (tel.: 983 268 220). 

Lagunentzat. 

Bizikletaz ibiliz, ongi seinaleztatuta dagoen bidetik, Pinar de Antequera pinudirako itzulia egin daiteke, Zorrilla pasealekutik abiatuta (tel.: 983 201 293). Puente Duerora iritsiko gara, eta Cañada Realetik edo Bide Zaharretik itzul gaitezke, eguna Simancasen igaro ondoren. Guztira, 30 kilometro inguruko ibilaldia izango da. 

Familientzat

Txikienak aho zabalik geratuko dira  Valle de los 6 Sentidos parkera eramaten baditugu (tel.: 983 427 174). Antzinako Palacio de los Power jauregiko finka batean dago, Renedotik Esguevarako errepidean, eta 3 eta 16 urte arteko haurrentzat dago pentsatuta. Jolasteko gune tematiko ugari eta 200 zuhaitz baino gehiagoko berdegunea ditu.