Lur hauetan finkatu ziren zeltak, iberiarrak eta erromatarrak, aztarnarik sakonena arabiarrek utzi zuten arren. Haien ondarea nabaritzen da harriztatutako kaleetan eta kaleetako jasmin-usainean. Herri Zurietan barrena paseatzea gotorleku sakabanatuak dituzten bideetan denboran bidaiatzea da, ingurune natural bikaina zeharkatuz: Grazalema eta Alcornocales parkeak. Cádizeko eta Málagako probintzietan, harri artean ezkutatuta daude Herri Zuri pintoreskoak. Bertako bizilagunek, antzinako etsaien aurka babesteko beharraren aurrean, etxeak eta kokalekua kareztatzeko zuten ohituratik datorkie izena. Horrela, denboraren joanak ez du eraginik izan haiengan.
Ibilbide honetako herri ezagunenetako bat da Arcos de la Frontera
.
Cádizko udalerri hau muino batean dago finkatuta, 96 metroko altueran, haren azpitik Guadalete ibaia igarotzen dela. Kabildoaren plaza, herriaren goialdean dagoena, begiratoki ederra da. Han dago gaztelu izugarria, antzinako gotorleku musulmana eta, 1493tik XVIII. mendera arte, Arcosko dukeen bizilekua. Jabetza pribatua da egun. Aldamenean, Santa Maria eliza, antzinako meskita baten gainean eraikia, sei menderen buruan amaitu zen.
Desnibela dela-eta, bisita lasai egitea komeni da, goialdetik jaitsi eta kale estu eta patioen labirintoan barrena galtzeko. Etxeetan ere topatuko ditugu jauntxoen iraganeko aztarnak. Horren erakusgarri dira Águilako kondeen bizileku aberatsa edo Mayorazgo jauregia, barruan hiriko patio zaharrena gordetzen duena.
Ibilbide estuetan hainbat eliza eta komentu daude. Gaur egun, bakarrak jarraitzen du jardunean, mesedetakoak. Klausurakoa den arren, mojek tarta eta pastel gozoak prestatzen dituzte eta herrira etortzen diren bisitariei saltzen dizkiete.
Inork ez luke Arcosetik alde egin behar hango begiratoki batetik ilunabarraz gozatu gabe. Abadesekoak, adibidez, paisaia ederra erakusten digu atzean San Agustin eliza ikus daitekeela.
Arcos utzi eta bideari jarraituko diogu eta gainerako hemeretzi Herri Zurietako batera iritsiko gara. Lehenengoa 20 kilometro ingurura dago: Algar
, espero gabeko estilo mexikarreko eliza bat duelako ezaguna dena.
Ibilbideari jarraituz, Prado del Rey
, Bosque
edo Ubrique
udalerrietara iritsiko gara; azken hori larruzko artisautzarengatik da ezaguna. Villaluenga del Rosario
ere topatuko dugu; bertan babesten ziren XIX. mendeko bidelapurrak. Zahara de la Sierra
monumentu nazionala da, herri polita. Olioa ekoizten dute bertan, eta mendeetan zehar menderaezina izandako gaztelu arabiarrak koroatzen du. Zaharako urtegiaz haraindi agertzen da Grazalema
. Izen bereko natur parkearen magalean kokaturiko herri hau ezaguna da bertako ehungintza tradizionalarengatik.
Mutur ekialdekoenean, Torre Alháquime
dugu, kale aldapatsuak dituen udalerri txikia eta lasaia, oso pintoreskoa. Eta Arcosa itzuliz, zirkulua ixte aldera, merezi du Bornos
en geldialdia egitea, hango lakua bisitatzea eta Fontanarko alkazarraren inguruan sortu ziren kale eta lorategietan barrena ibiltzea.
- Bidaia familiarekin egingo baduzu, larunbatean Jerezko Hierro del Bocadoko zaldien ikuskizuna ikustera hurbil zaitezke.
- Natura maite baduzu, bisita ezazu Doñanako parkea, Sanlúcar de Barramedatik Guadalquivirren barrena nabigatuz.
- Kirola nahiago baduzu, mendiko bizikletaz ibilbide bat egin dezakezu Alcornocales-en barrena.
- Kultura nahi baduzu, bisita ezazu Kádizko Tavira dorrea, hiria isilpean behatzeko «ganbera iluna» izan zuen Espainiako lehenengoa.
Eskerrak:
Fotos© Turismo Andaluz, S. A.