

Roche lurmuturreko hondartzak, Cádiz
Hondartza-multzo bat da eta, bertan, kalak nabarmentzen dira, iluntze sinestezinengatik ezagunak.
Guztiek dute beren xarma: batetik, Los Bateles hondartza, handia eta familientzat egokia. Bai tamainagatik bai harearen kalitateagatik ikusgarria den itsas pasealekua ere badu. Eta, bestetik, inguruko “altxorra”, Castilnovo hondartza. Erkidegoaren intereseko lekutzat hartu da. Ingurune naturala da, ibai gaziaren ahoan dago eta, bertara, oinez joan daiteke.

Dénia, Alacant
Hondartza eta kala hauek oso ederrak dira. Guztiek lortu dute kalitatearen eta ingurumenaren kudeaketari buruzko nazioarteko ziurtagiria; hori benetako bermea da eskaintzen dituzten zerbitzuetan.
Gainera, Déniako kostaldean flora-mikroerreserba ugari aurki daitezke. Nabarmentzekoa da, adibidez, San Antonio lurmuturreko Itsas Erreserba, natur balio handiko ekosistema duen eremu babestua.

Estreta kala, Palamós, Girona
Oso kala polita, ontziak ainguratzeko eta uren gardentasunaz gozatzeko ezin hobea.
Bertara iristea zaila da, hondartzarako bidea oinez egin behar baita (udan, ezin da autoz ibili). Horrek nolabaiteko pribatutasuna ematen dio eta beharbada horregatik da nudismoa egiten dutenen gustukoena. Ur-ertza oso estua da (hortik datorkio izena) eta, tarte askotan, ez da bi metrora iristen.

Macarella hondartza, Menorca
Basoz estalitako eremu batean hondartza birjina hau dago. Menorcako biztanleak harro daude hondartzaz eta bisitarientzat plazer hutsa da.
Bertako ur gardenak atseden hartzera eta gozatzera gonbit egiten duen benetako plazerra dira. Bitxikeria gisa, zenbait haitzulo bisita daitezke, bata kalaren sarreran, “Es Castell de Macarella” izenekoa. 500 metrora baino gutxiagora, Macarelleta dago, hura bezain birjina eta ederra, txikiagoa izan arren.

Mataleñas hondartza, Santander
Edertasun handiko hondartza, Santander hiriaren inguruetan kokatua, Menor eta Mayor lurmuturren artean. Itsaslabar handien babesean kokatutako kala batean dago.
Isolatuta egon arren, jende ugari joaten da bertara udan. Ur gardenak ditu. Itsas pasealeku zoragarria ere badu eta, bertatik, ikuspegi ezin hobea dago.

Mazarrón hondartza, Murtzia
Eguzki indartsua, ur urdin, epel eta lasaiak eta eguraldi ona urte osoan. Horri guztiari esker, Mazarrón (Murtzia) leku ezin hobea da atseden hartzeko, urpean murgiltzeko, kaletan barrena galtzeko eta itsas kirolen emozioa sentitzeko.
Hondartza tematikoen proiektu originalak ondokoa eskaintzen du: Castellar hondartza, haurrentzako gunearekin eta gaztetxoenentzako jarduerekin; Deportiva hondartza, futbolean eta boleibolean aritzeko; eta Isla, “liburutegi-hondartza”.

Los Muertos hondartza, Almería
Cabo de Gata parke naturalaren gunerik iparraldekoenean dago. Níjar hondartza zuzen-zuzena da, erregela batekin marraztu izan balute bezala.
Ikuspegi zoragarriak ditu eta bertako urak kolore urdin liluragarria du. Gainera, uhartetxo bat ere badago, nudistek erabili ohi dutena. Diotenez, bere izenak bertako uretako zurrunbilo eta korronteekin zerikusia du.

El Papagayo hondartza, Lanzarote
Los Ajaches monumentu naturalaren barruan kokatutako hondartza. Edertasun handiko kala handi bat da, bi aldeetatik inguratzen duen itsaslabarraren hormatzarrek babestuta.
Ondo prestatuta joan behar da egunpasa, bertara iristea erraza izan arren, biztanleguneetatik urrun egonda, zerbitzu gutxi baitaude.

Rodas hondartza, Cíes uharteak
Hondartza honek Cíes uhartediko Monteagudo eta Faro uharteak lotzen ditu. Harea fina eta zuria du, baita esmeralda-koloreko ur gardenak ere. Horrek guztiak bertara joan eta ur hotzetan sartzen den bisitaria txundituta uzten du.
Horren ondoan, duna naturalekin osatutako guneak daude. Gaur egun, horiek berreskuratzeko lanetan ari dira. Gaua kanpaleku idiliko batean pasa daiteke, pinu handien artean kokatuta baitago eta ozeanoaren ikuspegi ederra eskaintzen baitu.

Torimbia hondartza, Llanes, Asturias
Asturiasko hondartza basati eta ederrenetako bat da, bertara joan ohi direnek jartzen duten giroagatik ere ezaguna.
Bertara iristea konplexu samarra da, itsaslabarra baita, baina, goitik hondartza ikustean, edozeinek egin diezaioke aurre beheraldiari. Bertako harea zuriak itxura liluragarria ematen dio eta bertako olatuek surfean aritzeko egoki bihurtzen dute.
Eskerrak: © Uharte Atlantikoen Parke Nazionala. Valentziako Erkidegoko Turismo Saila. Balear Uharteetako Turismo Saila eta Antonio Garrido. Asturiasko Printzerriko Eskualdeko Turismo Sozietatea, Antonio Vázquez eta Arnaud Späni. Conil de la Fronterako Turismoko Udal Patronatua. Kanarietako Turismo Bulegoa. Mazarróngo Udala. Costa Brava Girona Turismo Patronatuko argazki-artxiboa eta Francesc Tur. Almeríako Probintziako Turismo Patronatua.